Ignacio Arakistain: "Bi instrumentu ondo jotzea oso zaila da"

Uztarria.eus 2016ko urr. 26a, 19:49
Ignacio Arakistain, parrokiko organoaren aurrean eserita.

Ingeniaritza ikasi nahi zuela esaten zuen arren, aurten estreinatu duten Donostiako Musikeneren eraikinean hasi ditu ikasketak azpeitiarrak. Urriko Uztarria herri aldizkarian dator hari egindako elkarrizketa (aldizkari osoa, PDF formatuan, hemen irakur daiteke).

11 urte zituela eman zuen musika eskolan izena Ignacio Arakistainek (Azpeitia, 1998), eta ordutik musikaren munduan alde batetik bestera dabil, gelditu ere egin gabe. Urteetan zehar ingeniaritza ikasketak egin nahi zituela uste zuen arren, gogoek benetan musika ikasketak egin nahi zituela erakutsi diote.

Nondik eta noiztik datorkizu musikarekiko pasioa?

Ez da odolean daramadan zerbait. Nire gurasoak ez dira musikariak. Aitak garai batean bateria jotzen zuen baina horrek ez zidan musikarekiko pasioan eragin. Duela hamaika urte, herriko musika eskolan apuntatu nintzen, gainontzeko haurrak bezala. Bertan, sei urte egin nituen, eta titulua jaso nuen. Sei urte igaro nituenean, amaren lagun batek Donostiako kontserbatorioan izena ematera animatu ninduen. Ana Colinas musika irakaslearekin hitz egin eta kontserbatoriokoekin harremanetan jarri ginen. Bertan, egin beharrekoak azaldu zizkidaten, eta urte hartako ekainean probak egin nituen. Horiek gainditu eta irailean profesionalen hirugarren mailan sartu nintzen. Izan ere, musika eskolan ematen duten tituluak kontserbatorioko bi urtek bezala balio du. Mailaz maila aurrera nindoala, musika niretzat zerbait garrantzitsua bihurtzen ari zela ikusi nuen. Duela urtebete, bigarren batxilergoa hastera nindoala, musika ikasketak egingo nituela erabaki nuen. Horiek Musikene eskolan egingo nituela ez nuen zalantzarik izan. Joan den ekainean egin nuen azken proba, eta irailaren 19an hasi nintzen gradua ikasten.

Urte batzuk eman dituzu, beraz, musika ikasketekin uztartzen.

Laugarrengo DBHn, lehenengo Batxilergoan eta bigarrengoan jardun nintzen ikasketak kontserbatorioarekin uztartzen. Hiru urte horietatik DBH4 eta lehenengo Batxilergoa lasai joan zitzaizkidan. Arazoak bigarrengo Batxilergoan hasi ziren. Ikasketak ondo eraman izan ditut beti, baina selektibitatearen presioa eta musika errutinan aurrera eramaten lanak izan nituen. Ikasturte amaieran, gainera, Musikeneko probekin egin nuen topo. Kontserbatoriora Donostiaraino joan behar izaten nuen, eta horrek ere denbora asko kentzen zidan. Zaila izan zen. Hala ere, ondo atera nuen dena. Asmatu nuen musika eta ikasketak errutina berean sartzen eta horiek aurrera ondo eramaten.

Nolatan erabaki zenuen ikasketak musikari lotutakoak egitea?

Ingeniaritza ikasi nahi nuela esaten nuen beti. Baina motibazioak benetan gustatzen zaizuna zer den erakusten dizu. Lehenengo Batxilergoa bukatu eta uda hartan ondo pentsatu nuen, eta gogoek ingeniaritza bat ez nuela ikasi nahi erakutsi zidaten. Jendeari musika ikasketak egiten ari naizela esatean, "hori bakarrik?" erantzuten didate, gutxi balitz bezala. Gehigarri bat dela uste dute, eta uste dutena baino lan handiagoa dago musikaren atzean. Gainera, musika klasikoa eta reggaetoia egitea ez da berdina.

Hautespen prozesua nola eraman zenuen?

Hiru atal izan ditu prozesuak. Lehenengo atala interpretazioarena izan zen, eta alor teknikoak landu genituen. Bigarrenean, gure instrumentuarekin 30 minutuko errepertorio bat jo beharra izan genuen. Azkenengo fasea konposizioaren, pedagogiaren eta zuzendaritzaren ingurukoa izan zen. Ekaineko azken egunean eman ziguten nota. Bi aurkeztu ginen organoarekin, eta biok hartu gintuzten. Selektibitatearen dataren bueltan izan ziren, eta ez zen erraza izan, baina oso gustura nago lortu dudanarekin.

Lehenengo urtea duzu bertan. Zer espero duzu datozen urteotan?

Nire nahia lau urte hauek ondo ateratzea da. Pianoarekin bigarren espezialitatea egitea ez dut baztertzen. Hala balitz, bost edo sei urtetan aterako nituzke ikasketak, ondo bidean. Etxe ondoan daukat Musikene eskola eta maila altuko unibertsitatea da. Gainera, unibertsitate berria estreinatu dugu. Atzetik lan eta denbora asko duen unibertsitatea da. Euskaldunok aukera hori aprobetxatu beharra daukagula iruditzen zait. Ikasketak amaitu ostean, kanpora joatea gustatuko litzaidake, zuzendaritza edo horrelako zerbait ikastera. Esaterako, Alemanian musikariok hemen baino gehiago estimatzen gaituzte eta ondo legoke hara joatea. Orain, ordea, aurtengo urtea nola joango den pentsatu nahi dut. Berrikuntzaz beteriko urtea izango dela uste dut, eta gradua gustatuko zaidala ere ziur nago.

Organoa izango da zure bidelaguna lau urteotan.

Bai. Pianoa ere jotzen dut. Bi urtez tronpeta ere jo nuen. Gustatzen zitzaidan, baina birekin nahikoa dut. Bi instrumentu gustatzea eta horiek ondo jotzea oso zaila da. Hiru instrumenturekin hori egitea ezinezkoa da. Musikenen perkusioa hartu dut hautazko ikasgai bezala, ea nola joaten zaidan.

Soreasuko Sebastian Donearen parrokian organoa jotzen duzu batzuetan. Nola sortu zitzaizun aukera hori?

11 urterekin Jose Luis Frantzesenaren organo eskolan eman nuen izena. Zazpi urtez aritu nintzen berarekin. Frantzesena organo-jotzaile bakarra zela eta, gure txanda zela esan zigun. 2011n hiru lagun hasi ginen mezetan organoa jotzen: Mikel Arenas, Ane Bereziartua eta neu. Asteburuetan jotzen hasi ginen, eta bakoitzak meza batean jotzen zuen; batek zapatu arratsaldeetan, besteak jai eguerdietan Esklabetan, eta hirugarrenak parrokian. Hiru txanda horietan txandakatzen joaten ginen. Pixkanaka-pixkanaka astean meza batean jotzen hasi ginen, astean zehar aritzen zenak lanagatik utzi egin baitzuen. Duela gutxi, berriz, Arenas kanpora joan da, Erasmus programarekin, eta ez dakit urte honetan nola antolatuko garen. Mezetan organoa jotzearena oso lotua da eta bakoitzak bere konpromisoak ditu.