Euskal Antzerki Topaketak 2016

Azaroaren 1ean hasiko dira XXXIV. Euskal Antzerki Topaketak

Uztarria.eus 2016ko urr. 26a, 16:01
Antzerki topaketen antolatzaileak eta parte-hartzaileak, gaur, plazan.

Adin guztietako herritarrei zuzendutako mota guztietako antzezlanez gozatzeko aukera izango da azaroaren 1etik 26ra bitartean. Erika Olaizola azpeitiarrak parte hartzen duen Francoren bilobari gutuna antzezlana izango da Soreasun taularatuko duten aurreneko obra. Azaroaren 26an, berriz, Kontxu Odriozola eta Iñaki Bergara Pio omenduko dituzte. 

Azaroaren 1ean zabalduko dute XXXIV. Euskal Antzerki Topaketen teloia. Tetes de Mules antzerki konpainia arduratuko da hortaz, eta L'Entresort obra eskainiko dute plazan. Bi aldiz eskainiko dute antzezlana, 17:00etan eta 19:00etan, haurrei zein helduei zuzenduta.

Azken urteetan bezala, aurten ere lau astez luzatuko dira antzerki topaketak, eta mota guztietako eta adin guztietako herritarrentzat obrak izango dira ikusgai. Haurrentzako eta helduentzako antzezlanak, ikasleei zuzendutako antzerkiak eta IV. Antzerki Eskolen Eguna izango dira, besteak beste. Horrez gain, baina, bada antolatzaileek bereziki azpimarratu duten emanaldi bat: azaroaren 26an Kontxu Odriozolari eta Iñaki Bergara Piori egingo dioten omenaldia, hain zuzen. 

Gaur, asteazkena, aurkeztu dituzte Topaketak udaletxean, eta bertan izan dira Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Josu Labaka eta Ainara Larrañaga zinegotziak, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko Itziar Elias, gaztetxoen Azpeitiko Antzerki Eskolako irakasle Alaitz Olaizola, Astrolabium Teatroko Mikel Sarriegi, Zestoako Interpretazio Eskolako zuzendari Amancay Gaztañaga eta Mikel Ibarguren aktorea, Ane Arenas aktorea eta gaztetxeko antzerki anternatiboen zikloko arduraduna eta Kulturaz Kooperatibako ordezkari Aitor Bengoetxea.

Aurkezpenean izan diren guztiek nabarmendu dute Antzerki topaketak "euskara hutsean" egiten direla, eta hori "izugarria" dela esan dute. Horrez gain, "eskerrak" eman dizkiete topaketa hauek antolatzea posible egin duten guztiei. Josu Labaka Udaleko Kultura zinegotziak adierazi duenez, topaketekin euskal antzerkiari "bultzada ematen saiatu" dira, eta horren erakusle da prestatu duten egitaraua.

Diru-laguntzarik gabe, aurrera

Aurten, hogeita hamalau urtetan aurreneko aldiz, Euskal Antzerki Topaketek ez dute Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzarik jasoko, eta hori salatu du Eneko Etxeberriak: "Ez da justua halako hedapena duten antzerki topaketen ardura guztia Azpeitiko Udalaren gain gelditzea. Aurrera aterako ditugu, ordea, eta topaketak egiten jarraituko dugu". Horregatik, antzerki topaketetan parte har dezaten herritarrei dei egin die Etxeberriak, "huts egin dezaketen bakarrak ikusleak direlako".

Amancay Gaztañagak eta Mikel Ibargurenek ere Eusko Jaurlaritzaren erabakia salatu dute, eta "eskerrak" eman dizkiete Udalari diru-laguntzarik gabe ere topaketak antolatu izanagatik. Mikel Ibargurenek azaldu duenez, "gogo gehiagorekin igoko gara taulagainera, eta topaketek jarrai dezatela aurrerantzean ere". Amancay Gaztañagak, bere aldetik, antzerki eskola txikien garrantzia nabarmendu du, eta esan du, eskola horiek hiriburuetan izango balira, beste laguntza bat jasoko luketela.

Aitortza, merezi dutenei

Aurten zendu dira Kontxu Odriozola eta Iñaki Bergara Pio Euskal Herrian erreferente izan diren aktore azpeitiarrak, eta horiek omenduko dituzte XXXIV. Euskal Antzerki Topaketetan, azaroaren 26an. Haien lana aitortzeko omenaldia izango da. Eneko Etxeberriak azaldu duenez, "zorretan gaude Kontxurekin eta Piorekin, eta horregatik ez da errokonozimendu hutsa izango". "Omenaldiarekin lortu nahi duguna da Pio eta Kontxuren arima ikustea, etorkizunean harrobia eta transmisioa egon dadin", esan du Etxeberriak.

Egun horretarako Ahantzitako oroitzapenak kontzertu antzeztua eskainiko dute Soreasun, Felipe Murilloren gidaritzapean, 21:30ean hasita, Soreasu antzokian. 

Antzezlanen sarrerak

Topaketetarako sarrerak aurten aurreneko aldiz, aurrez, Internet bidez erosi ahal izango dira azpeitia.eus webgunean. Horrez gain, antzezlanen egunetan erosi ahal izango dira Soreasu antzokiko lehiatilan. Obra baino ordubete lehenago zabalduko dute eta helduek bost euro eta 14 urte bitartekoek 3 euro ordaindu beharko dute sarrerako. 

XXXIV. Euskal Antzerki Topaketen egitaraua

Azaroak 1, asteartea:

17:00etan eta 19:00etan: L'entresor, plazan.Tetes De Mules konpainiaren eskutik.

Azaroak 4, ostirala:

21:30ean: Francoren bilobari gutuna, Soreasu antzokian. Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategiaren eskutik.

Azaroak 5, zapatua:

21:30ean Koadernoa Zuri, Soreasu antzokian. Hika Teatroaren eskutik.

Azaroak 6, igandea

IV. Antzerki Eskolen Eguna

10:30ean hasita: Ehazek antolatuta eta Kabia Taldearen eskutik antzerki ikerkuntza, tailerrak. Plaza Nagusian. Amaitzeko, ogitartekoak Sanagustin kulturgunean.

17:00etan: Gu, Soreasu antzokian. Borobil teatroaren eskutik.

Azaroak 7, 8, 9 Eskola edo Gaztetxoei Zuzenduriko Antzerkia

11:00etan, Soreasu Antzokian.

Azaroaren 2tik 15arte

Zirkoa eta txontxongiloak

Corrado Massacciren txontxogilo tailerra eta erakusketa, Betharram Aretoan.

Azaroak 10, osteguna

21:00etan: Sarean kateatuak, Udaletxeko Ganbaran. Nomofobikaken eskutik.

Azaroak 11, ostirala

21:30ean: Mami Lebrun, Soreasu Antzokian. Xake Prokuzioaken eskutik.

Azaroak 12, larunbata

21:30ean: Bi Izarren Kalenturak, Soreasu Azntzokian. Txalo Produkzioaken eskutik.

Azaroak 13, igandea

17:00etan: Futbolariak Eta Printzesak, Soreasu Antzokian. Eidaberen eskutik.

Azaroak 18, ostirala

21:30ean: Sweeney, Soreasu Antzokian. Eromen Produkzioaken eskutik.

Azaroak 19, larunbata

21:30ean: E, Petre!, Soreasu Antzokian. Astrolabiun Teatroaren eskutik.

Azaroak 20, igandea

17:00etan: Azken Eguzkilorea, Soreasu Antzokian. Patata Tropikalaren eskutik.  Antzerki alternatiboaren IV. zikloa.

Azaroak 24, osteguna

21:30ean: Zerura Eroria, Gaztetxean. Anodino Teatroaren eskutik.

Azaroak 25, ostirala

21:30ean: Mr. Señora, Gaztetxean. Metrokoadrokaren eskutik. 20:00etatik 21:15etara jantoki bejetarianoa.

Azaroak 26, larunbata

XXXIV.Euskal Antzerki Topaketen Amaierako Ikuskizuna

21:30ean: Iñaki Bergara Pio eta Kontxu Odriozolari azken agurra. Keinu eta txalo zaparrada bat antzerkizale guziten partetik.

Kontzertu antzeztua. Ahantzitako Oroitzapenak, Soreasu Antzokian. Elkano Abesbatzaren eskutik.