UEMAren hezkuntza proiektua lantzen ari dira herriko ikastetxeetan

Uztarria.eus 2016ko urr. 25a, 15:06
Udal ordezkariak eta herriko hiru ikastetxeetako arduradunak. (Urola Kostako Hitza)

Hezkuntza proiektuaren helburua da udalerri euskaldunetako ikasleak euskararen egoeraz sentsibilizatzea eta gaiaren inguruan hausnartzea. Herriko DBH eta Batxilergoko 1.000 ikasle inguru ari dira proiektuan parte hartzen. 

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMAk) abian jarritako euskararen arnasguneen inguruko hezkuntza proiektua lantzen ari dira Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Iraurgi Ikastetxean eta Urola Ikastolan. DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta dago proiektua, eta horren berri eman dute gaur, asteartea, UEMAko lehendakari eta Udaleko zinegotzi Josu Labakak, Leire Goenaga zinegotziak, Arantxa Bidezabal Azpeitiko Ikastola Ikasberriko zuzendariak, Maje Agirre Iraurgi Ikastetxeko zuzendariak eta ikastetxe bereko Vanesa del Castillo DBH 2. zikloko koordinatzaileak, eta Alberto Izagirre Urola Ikastolako zuzendariak. 

UEMAren hezkuntza proiektuaren helburua da udalerri euskaldunetako ikasleek euskararen egoeraz sentsibilizatzea eta gaiaren inguruan hausnartzea; izan ere, Josu Labakak azaldu duenez, euskararen erabilerak eta ezagutzak "atzerakada" izan du euskararen arnasguneetan: "Azterketek erakutsi dute, gutxi edo asko, euskararen arnasguneetan hizkuntzaren ezagutzak eta erabilerak atzerakada izan dutela. Horregatik, ikasleen sentsabilizazioan eragiteko beharra sentitu dugu. Horretara dator UEMAren hezkuntza proiektua".

Oraingoz DBHn eta Batxilergoan dago martxan hezkuntza proiektua, eta metodologia ezberdina erabiltzen dute bi hezkuntza zikloetan. DBHn, ikastetxeetako irakasleek ematen dizkiete klaseak ikasleei, baina aurrez UEMAko teknikarien eskutik formakuntza saioak jasotzen dituzte. Behin edukiak landutakoan, horiek ikasleei erakusten dizkiete, metodologia ezberdinak landuz.  

Batxilergoko ikasleei, berriz, UEMAko teknikariek ematen dizkiete klaseak. Hala, ikasleek hizkuntza ekologia eta euskararen arnasguneen inguruko hainbat kontzeptu lantzen dituzte teknikarien laguntzaz. Josu Labakak azaldu duenez, "saio horiek ikasleak hausnarketara bideratzen dituzte". Proiektuan parte hartu duten hainbat ikaslek azaldu dutenez, "oso esperientzia positiboa ari da izaten".

Leire Goenaga zinegotziak, bere aldetik, "eskerrak" eman dizkie herriko ikastetxeei proiektuan parte hartzean erakutsitako konpromisoagatik, eta UEMAri egindako "ahaleginagatik". Joan den astean jakinarazi zituzten euskararen kale erabileraren datuen inguruan ere aritu da Goenaga, eta esan du datu horiek "argi" erakusten dutela herritarrek euskararekiko duten konpromisoa. "Gazteek gazteleraren eragin nabarmena jasotzen dute telebistaren eta sare sozialen zurrunbiloan sartuta daudelako. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu hezkuntza sistematik ere euskararen garrantziaz aritzea", esan du Goenagak. Horrez gain, "ikasleek hizkuntzaren kontzientzia hartzea garrantzitsua" dela ere adierazi du.

Hobetzeko asmoa

Joan den ikasturtean gaia udalerri euskaldunetako eskoletan lantzeko, proiektua prestatu eta proba moduan martxan jarri zuten zenbait herritan, tartean Urola Ikastolan. Aurten, Azpeitiko beste bi ikastetxeetara ere zabaldu dute proiektua, eta guztira 1.000 ikasle inguru ari da proiektuan parte hartzen. Aurrera begira egitasmoa "sendotzeko eta hobetzeko" asmoa du UEMAk, eta Josu Labakak azaldu duenez, "epe labur batean" Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzara ere zabaldu nahi dute UEMAren hezkuntza proiektua.