Hasi dira San Martin estratako obrak

Uztarria.eus 2016ko urr. 25a, 13:37

San Martin estrata eta Artzubia etorbidea bizikletentzat egokituko ditu Udalak, eta dagoeneko hasi dira San Martin egoitza ondoko pasadizoko konponketa lanekin. Hala, obren lehen fasea martxan da. Gune horretan, espaloia kendu galtzada-harria jarri eta bide osoa berdinduko dute. Aparkalekuentzako lekua berrituko dute, baina Udalak aurreratu zutenez, "lekua bere horretan mantenduko da". San Martin estratako obrek hilabete eta erdi inguru iraungo dute, eta bitarte horretan garajeetako ibilgailuek eta zama lanetakoek Foru Ibilbidetik (azoka plazaren atzetik) sartu ahal izango dute pasadizora.

Udalaren hasierako helburua bidegorria Artzubiko biribilguneraino egitea zen, baina "biribilgunean sor litezken arazoak ekiditeko modua" ikusi dute, eta horregatik hartu dute bidegorriaren zati berria San Martin estratatik egitearen erabakia. Modu horretan, gainera, Enparan Dorretxearen pareko bidegorriarekin lotuko da.

Udala San Martin estrata inguruko eta Artzubia etorbideko bizilagunekin bildu zen joan den astean, eta obren xehetasunak azaldu zizkieten bilkuran. 

Bidegorria egiteaz gain, argiteria, saneamendu, telekomunikazio, ur eta elektrikitatze azpiegiturak berritu eta egokitzeko lanak ere egingo dituzte. Lanen aurrekontua 176. 418 eurokoa da. 

(Argazkia: Azpeitiko Udala)