Mikel Larrañaga hirugarren sailkatu da Euskal Herriko Aizkora Txapelketaren Final Nagusian

Uztarria.eus 2016ko urr. 23a, 18:17
Aitzol Atutxa, Joseba Otaegi eta Mikel Larrañaga podiumean. (Argazkia: Saioa Lesaka)

Bilboko Bizkaia frontoian jokatu dute gaur, 12:00etan hasita, Euskal Herriko Lehen Mailako aizkolarien finala, eta hirugarren egin du Larrañagak. Lanak bukatzen azkarrena Aitzol Atutxa izan da, eta bigarren sailkatu da Joseba Otaegi. 

Mikel Larrañaga azpeitiarrak hitzordu garrantzitsua zuen gaur, eta begiz jota zuen hirugarren postua eskuratzea lortu du. Euskal Herriko Lehen Mailako aizkolarien finala Bilboko Bizkaia frontoian jokatu dute gaur, 12:00etan hasita, eta hirugarren egin du Larrañagak.

Sei aizkolari aritu dira lehian: Mikel Larrañaga, Aitzol Atutxa, Iker Vicente, Joseba Otaegi, Juanjo Lopez eta Ugaitz Mugertza. Aizkolari bakoitzak lau kana erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko ebaki behar izan ditu, eta ezustekorik gabe eta bigarrenari ia lau minutuko errenta aterata, gaurko faborito nagusia zen Atutxa izan da lanak bukatzen aurrena. Haren ondoren, bigarren sailkatu da Otaegi. Zizurkildarrarengandik 15 segundora, hirugarren egin du azpeitiarrak, Otaegirekin lehia estua izan ondoren.

Larrañagaren etxekoek eta lagunek ez dute hutsik egin gaur Bizkaia frontoian zuten hitzordura, eta azpeitiarrari animoak emateko asmoz, bi pankarta handi jarri dizkiote: Aizkora tresna, arma, indarra. Egurre Larra! eta Mikel beti gure txapeldun! irakur zitezkeen bi pankartetan.   

Azpeitiar aizkolariak irailaren 11n Leitzan jokatutako kanporaketan lortu zuen final nagusirako txartela, hirugarren postuan sailkatu ondoren. Aurretik, uztailean, Gipuzkoako txapel nagusia jantzi zuen Larrañagak Mendaron.

Iganderako, Atutxa eta Vicente aipatzen dituzte aditu guztiek txapela lortzeko borrokan aritzeko hautagai bezala. Azpeitiarrak, bere aldetik, Leitzan lortutako hirugarren postua ez luke txartzat joko; hala zioen irailean.

Honakoa izan da sailkapena:

1.- Aitzol Atutxa (00:44:47)

2.- Joseba Otaegi (00:48:25)

3.- Mikel Larrañaga (00:48:40)

4.- Iker Vicente (00:49:32)

5.- Juanjo Lopez (00:50:57)

6.- Ugaitz Mugertza (00:51:29)