Mikel Larrañagak Euskal Herriko Aizkora Txapelketaren final nagusia jokatuko du igandean

Uztarria.eus | Kirolak
2016ko urr. 21a, 17:44

Bilbon izango da, Bizkaia frontoian, 12:00etan. Aitzol Atutxa, Iker Vicente, Joseba Otaegi, Juanjo Lopez eta Ugaitz Mugertza izango dira azpeitiarraren lehiakideak.

Mikel Larrañaga, Leitzan finalerako txartela lortu zuen kanporaketan. (Ibon Errazu)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Mikel Larrañaga azpeitiarrak hitzordu garrantzitsua du igande honetan, urriaren 23an, Bilboko Bizkaia frontoian. Han jokatuko da aurtengo Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketa eta Larrañaga lehiakideetako bat izango da, Aitzol Atutxa egungo txapeldunarekin, Iker Vicenterekin, Joseba Otaegirekin, Juanjo Lopezekin eta Ugaitz Mugertzarekin batera. Finalean, aizkolari bakoitzak kanaerdiko, 60 ontzako eta oinbiko launa enbor ebaki beharko ditu.

Azpeitiar aizkolariak irailaren 11n Leitzan jokatutako kanporaketan lortu zuen final nagusirako txartela, hirugarren postuan sailkatu ondoren. Aurretik, uztailean, Gipuzkoako txapel nagusia jantzi zuen Larrañagak Mendaron.

Iganderako, Atutxa eta Vicente aipatzen dituzte aditu guztiek txapela lortzeko borrokan aritzeko hautagai bezala. Azpeitiarrak, bere aldetik, Leitzan lortutako hirugarren postua ez luke txartzat joko; hala zioen irailean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu