Txisteran jasotako ilusioak, kalera

Urola Kostako Hitza 2016ko urr. 21a, 17:56
Ekain Urrestilla eta Iago Azkue. (Julene Frantzesena)

Bihar goizean hasi eta iluntzera bitartean magiak hartuko du Azpeitia. Diziplina horri lotutako Txisteratik Egun Magikoa antolatzen aritu da herritar taldetxo bat. Prest dute guztia biharko.

Egun magikoa izango da biharkoa. Magikoa, haurrei nahiz helduei zuzendutakoa. Magikoa, dozena erdi mago inguruk beren abileziak erakutsiko dituztelako. Magikoa, Txisteratik Egun Magikoa izango delako. Ilusioz, egunaren antolaketan murgilduta ibili dira Ekain Urrestilla (Azpeitia, 1976) eta Iago Azkue (Azpeitia, 2003) joan den uztailaz geroztik, eta iristear da haien, herritarren eta magoen ilusioak txisteratik ateratzeko eguna.

Urrestillak eta Azkuek biek dute magiarekiko zaletasuna, eta afizio horrek bultzatuta antolatu dute biharko eguna. "Magia jaialdi gutxi egiten dira Euskal Herrian: Elgetan Magia Mostra eta Gasteizen Magialdia. Hortik aurrera, zerbait bai Bizkaian, baina gutxi, eta Gipuzkoan are gutxiago. Azpeitian denetarik antolatzen da, baina magiarekin lotutako emanaldien hutsunea zegoen. Magiarekiko interesa duten herritarrak izango direlakoan, probatzea erabaki dugu. Ea biharkoak balio duen jendea erakartzeko", esan du Urrestillak. Azkuek ildo beretik hitz egin du: "Azpeitian antolatzen diren gauza askok adina interes piz dezake biharkoak. Jendea gustura eta hurrengo edizioaren zain gera daiteke. Izan ere, magia ikus dezakezu telebistan, baina txunditu egiten du bertatik bertara".

Jarraitu irakurtzen, Urola Kostako Hitzaren webgunean.