Urriaren 29an izango dira XI. Libre Ardo Dastaketa Eguna eta IV. Euskal Herriko Txorizo Egosi Lehiaketa

Uztarria.eus 2016ko urr. 21a, 14:46
Ezkerretik eskuinera, Mila Perez, Zigor Odriozola, Valentin Odriozola, Mikel Ibarzabal, Mikel Uria eta Beatriz LarraƱaga

23 upategietako ardoak dastatzeko aukera izango da, 11:30etik 14:30era bitartean, plazan. Euskal Herriko IV. Txorizo Egosi Lehiaketa ere egingo dute, eta 30 harakin inguruk parte hartzea aurreikusten dute antolatzaileek.

Hilaren 29an, zapatua, izango dira XI. Libre Ardo Dastaketa Eguna eta IV. Euskal Herriko Txorizo Egosi lehiaketa Azpeitian. Gaur, ostirala, egunaren inguruko xehetasunak azaltzeko agerraldia egin dute antolatzaileek.

Ardo dastaketa egunean, Arabako, Errioxako, Nafarroako eta beste hainbat tokitako 23 upategitako ardoak dastatzeko aukera izango da, 11:30etik 14:30era bitartean, plazan. Bost eurotan ardo kopa eta bost ardo hartzeko txartelak eskuratu ahal izango dira. Zigor Odriozolak, Odriozola ardoakeko ordezkariak, azaldu duenez, "ardorik txukunenak ekartzen saiatu" dira, Azpeitikoa "plaza garrantzitsua" delako. Odiozolak azaldu duenez, aurtengo ediziora ekartzea aurreikusten zuten bi ardo ezin izan dituzte ekarri, upategiek azaroan kaleratuko baitituzte.

Zigor Odriozolak azaldu duenez, txapelketaren kalitatea mantentzeko, "maila oneko" ardo txuri bat ekarriko dute aurtengo ediziora, Malvasia Ugarte ardoa, hain zuzen. Ardo hori ez dago salgai dendetan, eta horregatik "eskerrak" eman dizkio upategiari Odriozolak, "dendetan ez dagoen ardoa Azpeitiko plazan egotea posible egin izanagatik".

Edariari laguntzeko, jakien postuak jarriko dituzte, Azpeitiko Gaixo eta Elbarrien Aisialdiko Taldeak prestatuta. Horrez gain, bost gazta postu ere jarriko dituzte plazan.

Txorizoa ere protagonista

Euskal Herriko IV. Euskal Herriko Txorizo Egosi Lehiaketa ere izango da plazan, urriaren 29an. Antolatzaileek azaldu dutenez, 30 harakin inguruk parte hartuko dutela aurreikusten dute. Gaur, urriak 21, da txapelketan izena emateko azken eguna.

Lehiakide bakoitzak bi kilo txorizo aurkeztu beharko ditu parte hartzeko. Txorizo hori Gaixo eta Elbarrien aisi taldekoek egosiko dute, eta epaimahaikideek hainbat gauza izango dute kontuan txorizoa baloratzerakoan: zabalera, pikatua eta piper-hautsa. Zaporea eta egosi ondorengo txorizoaren kolorea eta itxura hartuko dituzte kontuan epai-mahaia osatuko duten bost lagunek, horien artean izango dira Beatriz Larrañaga eta Mikel Uria. Azken horrek azaldu duenez, "iazko txorizo lehiaketa oso maila handikoa izan zen, eta aurtengoa horrelakoa izatea espero dugu". Horrez gain, Azpeitiko txorizo txapelketa "sona handia hartzen" ari dela esan du Uriak.

Txorizo lehiaketan parte hartzen duten aurreneko hiru sailkatuak sarituko dituzte. Lehenak, Mikel Sanjuanek egindako garaikurra eta txapela eskuratuko ditu. Bigarrenak, garaikurra eta hirugarrenak, bi lagunentzat afaria Sanagustin kulturgunean.

XI. Libre Ardo Dastaketa Eguna

Postuak eta ardogileak:

  • Enate (Chardonnay, Salas Bajas)
  • Entreflores (Berdejo, Pozaldez)
  • Iñurrieta Orchidea (Sauvignon Blanc, Falces)
  • Iñurrieta Cuatrocientos (Cabernet Sauvignon-Merlot, Falces)
  • Zinio tempranillo (Ondua, Uruñuela)
  • Señorio de Uñuela tempranillo (Erreserba, Uruñuela)
  • Bordon  (Ondua, Logroño)
  • Conde Valdemar tempranillo (Ondua, Oion)
  • Ugarte tempranillo-garnacha (Ondua, Biasteri)
  • Malvasia Ugarte (Malvasia)
  • Mendrano Irazu tempranillo (Ondua, Elvillar)
  • Rioja Vega (Edizio mugatua tempranillo-graciano, ondua, Viana)
  • Azpilicueta tempranillo-graciano-mazuelo (Ondua, Logroño)
  • Luis Alegre tempranillo-graciano-mazuelo (Ondua, Biasteri)
  • Baron de ley (Erreserba, Mendabia)
  • Quinta de Tarsus (Ondua, Anguix)
  • Vizcarra Senda del oro (Beltz fina, Mambrilla de Castrejon)
  • Pierola (Ondua-Beltza, Moreda, Araba)
  • Traslascuentas (Moreda, Araba)
  • Cyatho (Berdejo, Moreda, Araba)
  • Ostatu (Zuria, gorria, urtekoa eta ondua, Samaniego)
  • Cerro Añon (Zuria eta ondua, Logroño)
  • Solaguen (Ondua, Bastida)