Onintza Valverde eta beste bost gazteak absolbitu ditu Arabako Lurralde Auzitegiak

Uztarria.eus 2016ko urr. 19a, 12:59

Euskal presoek unibertsitatean ikasteko dituzten eskubideen aldeko kontzentrazio batean atzeman zituen Ertzaintzak 2014an, eta joan den irailean epaitu zituzten Arabako Lurralde Auzitegian, ordena publikoaren aurkako erasoa eta autoritatearen aurkako atentatua egotzita.

Onintza Valverde azpeitiarra eta harekin batera epaitutako beste bost gazteak absolbitu ditu Arabako Lurralde Auzitegiak. Gaur, asteazkena, jakin dute albistea sei gazteek.

Joan den irailean epaitu zituzten Gasteizen, ordena publikoaren aurkako erasoa eta autoritatearen aurkako atentatua (ertzainak eta segurtasun langileak kolpatzea eta lesionatzea) egotzita. Epaiketaren ostean Valverderentzat eta beste bost gazteentzat zigor eskaerak mantendu zituen fiskaltzak: Onintza Valverderentzat eta beste lau gazteentzat bi urteko espetxe zigorra eskatzen zuen epaileak. Seigarrenarentzat, aldiz, hiru urte eta erdiko espetxe zigorra. Horrez gain, guztira 5.000 euroko zigor ekonomikoa eskatzen zieten.

2014ko martxoaren 19an euskal presoek unibertsitatean ikasteko eskubidea aldarrikatzeko kontzentrazioa egin zuten hainbat ikaslek Gasteizko EHUren campusean. Ikasle batzuk horma bat margotzen hasi ziren, eta Ertzaintzak ikasleetako bat atxilotu zuen orduan. Hori salatzeko eta atxilotutako gazteari babesa emateko errepidea moztu zuten elkarretaratzean zeuden ikasleetako batzuk, eta protestan ari ziren bost gazte atxilotu zituen Ertzaintzak, tartean Onintza Valverde.