San Martin estrata eta Artzubia etorbidea bizikletentzat egokituko ditu Udalak, bidegorri sarea osatzeko

Uztarria.eus 2016ko urr. 18a, 15:45
Udalak San Martin estratako bizilagunekin eta Artzubiko bizilagunekin atzo egindako bilerako irudia. (Azpeitiko Udala)

Lanak bi fasetan egingo dituzte, eta aste honetan hasiko dira San Martin egoitza ondoko pasadizoa egokitzeko lanekin. Udalak lan guztiak lau hilabeteko epean bukatzea aurreikusten du. Bidegorria egiteaz gain, argiteria, saneamendu, telekomunikazio, ur eta elektrikitatze azpiegiturak berritu eta egokitzeko lanak ere egingo dituzte. Lanen aurrekontua 176. 418 eurokoa da. 

Aste honetan hasiko dituzte San Martin ondoko pasadizoa eta Artzubia etorbidea bizikletentzat egokitzeko lanak. Atzo, urriak 17, San Martin estrata inguruko eta Artzubia etorbideko bizilagunekin bildu zen Azpeitiko Udala, eta bertan eman zuen obren berri. Hastear diren lanak bukatzean, kiroldegia eta Alde Zaharraren arteko bidegorriaren lanak amaitutzat emango dituzte behin betiko. 

Aitor Bereziartua zinegotziak azaldu zuenez, "Azpeitia 2015 Plan Estrategikoan aurrez osatutako Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren baitan egin gabeko ekintzak jaso eta gauzatzeari ekin zitzaion, eta bide horretan egingo da bidegorri sarea osatzeko lotura hori". Horrela, herriko gune desberdinak Gipuzkoako Foru Aldundiko herriarteko bidegorri sarearekin lotzeko beste pauso bat emango du Udalak. 

Lanen xehatasunak

Udalaren hasierako helburua bidegorria Artzubiko biribilguneraino egitea zen, baina "biribilgunean sor litezken arazoak ekiditeko modua" ikusi dute, eta horregatik hartu dute bidegorriaren zati berria San Martin estratatik egitearen erabakia. Modu horretan, gainera, Enparan Dorretxearen pareko bidegorriarekin lotuko da.

Obrak bi fasetan egingo dituzte. Lehen fasea San Martin ondoko pasadizokoa izango da; han espaloia kendu galtzada-harria jarri eta bide osoa berdinduko dute. Aparkalekuentzako lekua berrituko dute, baina aurreratu dutenez, "lekua bere horretan mantenduko da". Gune horretako obrek hilabete eta erdi inguru iraungo dute, eta bitarte horretan garajeetako ibilgailuek eta zama lanetakoek Foru Ibilbidetik (azoka plazaren atzetik) sartu ahal izango dute pasadizora.

Ondoren, Artzubia ibilbidea egokituko da, eta han San Martin egoitzaren parean, errepidetik espaloiko zuhaitzetara arteko zatia pintatuko dute, bidegorri izateko. Udalak azaldu duenez, "zuhaitzetatik eraikinera bitarteko zatiak bere horretan oinezkoentzako pasealeku izaten jarraituko du". Artzubiko 11. eta 1. etxe atarien parean "espaloi estua" dagoela azaldu du Udalak, eta horregatik "errepideak ez du ematen espaloia zabaltzeko modurik". Beraz, zati horretan oinezkoek "lehentasuna" izaten jarraituko dute. 13. etxe ataritik zezen-plaza bitartean, berriz, bi metroko zabalera duen bidegorria egingo dute, eta jakinarazi dutenez, "beste bi metro baino gehiago geldituko dira oinezkoentzako". 

Lanak aste honetan bertan hasiko dira eta 4 hilabeteko epean bukatzea aurreikusten du Udalak. Bidegorria egiteaz gain, argiteria, saneamendu, telekomunikazio, ur eta elektrikitatze azpiegiturak berritu eta egokitzeko lanak ere egingo dituzte. Lanen aurrekontua 176. 418 eurokoa da.