Merkataritza dinamizatzailea kontratatuko du Udalak Lanbideren bidez

Uztarria.eus 2016ko urr. 14a, 15:33

Sei hilabeteko lanaldi osoko kontratua izango du dinamizatzaileak, eta lan eskaintza horretan izena emateko azken eguna hurrengo ostirala, urriaren 21a, izango da. Lanpostuaren eskatzaileek administraritza edo informatika ikasketak (diplomatura edo goi mailako zikloa) izan beharko dituzte, baita informatika ezagutza aurreratuak ere.

Azpeitiko Udalak merkataritza dinamizatzailea kontratatuko du aldi baterako, Lanbideren bidez. Eskualdeko Enplegu sustapen planaren barruan, Azpeitiko Udalaren izenean eskatutako aldi baterako 18 lanpostu sortzea onartu zuen Lanbidek, erakunde horrek urtero eman ohi dituen diru-laguntzen bidez. Lanpostu kopuru horren erdia, bederatzi, Azpeitian sortuko dira, eta horietako bat da merkataritza dinamizatzailearena. Lan eskaintza horretan izena emateko azken eguna hurrengo ostirala, urriaren 21a, izango da.

Lan eskatzaileek administraritza edo informatika ikasketak (diplomatura edo goi mailako zikloa) izan beharko dituzte, baita informatika ezagutza aurreratuak ere. Euskara eta Gaztelera menperatzea ezibestekoa izango da, eta eskatzaileak langabezian egon eta 35 urte baino gutxiago izan beharko ditu. Horrez gain, ezinbestekoa izango da Urola Erdian bizitzea. Sei hilabeteko lanaldi osoko kontratua izango du dinamizatzaileak, honako ordutegian: 08:30etik 13:30era eta 14:30etik 17:30era.

Dinamizatzaileak Bertan Merkatari Elkartearen eguneroko koordinazioan, kudeaketak eta ekintzak aurrera eramaten lagundu beharko du. Horrez gain, Fideliza Azpeitia proiektuan eta azpeitiarren kontsumo ohituren ikerketa osatzen lagunduko du, baita datu baseak sortzen eta horiek kudeatzen ere. Gainera, Dendartean Gipuzkoako Merkataritza Bilkurak Eusko Jaurlaritzarekin duen bertako ekoizleen webgunearen proiektua osatzen lagunduko du. Hala, bertako ekoizleak identifikatu, ekoizleen kontakturako datuak lortu, eta datu horiek webgunean sartuko ditu.