Emakumeen Txokoak 5 urte bete ditu

Uztarria.eus 2016ko urr. 14a, 13:32
Herriko hainbat emakume, atzo egindako agerraldian

Orain arteko ibilbidearen eta etorkizuneko erronken inguruko irakurketa egin dute Emakumeen Txokoak eta Azpeitiko Udalak. 

Bost urte pasatu dira Emakumeen Txokoak ateak zabaldu zituenetik, eta orain arteko ibilbideaz barrura nahiz kanpora begirako irakurketa egin dute Emakumeen Txokoak eta Azpeitiko Udalak. "Berdintasunaren aldeko politika publikoak indartzeko, emakumeen jabekuntza sustatzeko eta erreferentziazko espazioa garatzeko helburuarekin" murgildu ziren proiektuan, eta xede berarekin jarraitzen dutela azaldu zuen Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotzia atzo, osteguna, egindako agerraldian. 

Emakumeen Txokoa "emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna sustatzeko tresna" dela azaldu zuen Etxanizek, eta Azpeitiko emakumeentzat eta gizonentzat zabalik dagoen espazio "irekia" dela: "Kalitatezko eskaintza sortzen saiatzen gara, eguneroko beharretara eta errealitatera egokitzen den eskaintza".

Konplizitate berriak sortzea xede

Emakumeen arteko saretze eta aliantzen bideari jarraituz, "konplizitate berriak sortu nahi" dituztela azaldu zuen Izaskun Egiguren Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak. Horretarako hainbat "ertz eta erdiguneri" heldu nahi dietela adierazi zuten. Alde batetik, emakumeen oroimena plazara ateratzen saiatuko direla esan zuten, "memoriaren hutsuneak betetzen hasteko". Horrez gain, "libre" bizi diren herrian "aske" izan nahi dutela aldarrikatu zuten: "Gure herriko kaleetan lasai ibili nahi dugu. Horretarako, tratu onak erein eta harreman osasuntsuak eraiki nahi ditugu, bazterkeria oro gure bizitzetatik baztertzeko". Bestalde, Emakumeen Txokoa herriko partaide eta eragile dela adierazi zuten: "Azpeitiko emakumeok herria egiten dugu gure partaidetzarekin. Arlo desberdinetan gure espazioa dugu, eta, guretik, ahalduntze prozesuen bidez, bultzada emango diogu partaidetzari".

Bizitzaren sostengurako "eraldaketa tresnen beharraz" ere ohartarazi zuten, eta "elkarrekiko zaintzan eta enpleguan sakondu" behar dela azpimarratu zuten: "Bizitzaren sostengua erdigunean kokatu behar da jendarte orekatua lortu nahi bada".

Emakumeen Txokoak emakumeen sormenari eta haiek antolatutako ekimenei espazioa eskainiko diela esan zuten, eta espazio hori "esparru anitzen ispilu" izango dela esan zuen Egigurenek.

Hainbat ekimen ikasturte berrirako

Ikasturte honetan ere Emakumeen Txokoko ateak zabalik izango dira, "denon ekarpenak beharrezkoak baitira Azpeitian berditasunaren bidean urratsak emateko", Egigurenek esan zuenez. Aurrerantzeko jardunean "emakume anitzen begiradak" txertatuko dituztela adierazi zuen Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak, eta "herritarrekin batera txokoan hazten" jarraituko dutela esan zuen.

Datozen aste eta hilabeteetarako hainbat egitasmo antolatuko dituzte Emakumeen Txokoan. Hurrengo asteazkenan, esaterako, Zergatik berreskuratu emakumeen memoria historikoa? Gure memoriaren hutsuneak betetzen tailerra egingo dute, 19:00etatik aurrera. Hizlari lanetan arituko da Irantzu Mendia, EHUko Soziologia eta Gizarte langintza irakasle eta Hegoa institutuko kidea.