Hasi dira 'Bakea gugandik eraikitzen' jardunaldiak

Uztarria.eus 2016ko urr. 14a, 12:02

Gaur, ostirala, hasi dira Azpeitiko Udalak, UEUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean antolatu dituzten Bakea gugandik eraikitzen. Egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermea jardunaldiak. Guztira 84 pertsonak eman dute izena, eta gaur eta bihar hainbat saio egingo dituzte bizikidetzaren gaian sakontzeko eta gaiaz hausnartzeko. Irekiera ekitaldian izan dira Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaria, Iñaki Alegria UEUko zuzendaria eta Itziar Salegi jardunaldien koordinatzailea.

Eneko Etxeberriak Azpeitiko Udalaren eta UEUren akordioaren garrantzia azpimarratu du, eta esan du akordioaren helburua dela herritarrei goi mailako formazioa eskaintzea, "herritar kritikoak sortzeko". Horrez gain, Azpeitian elkarbizitza "hobetu" egin dela adierazi du Etxeberriak, eta bizikidetza, bakea edota erreparazioa bezalako gaiak "era akademikoan eta modu integralean tratatzea garrantzitsua" dela esan du. 

Jardunaldien koordinatzaileak, Itziar Salegik, eskerrak eman dizkie UEUri "erakutsitako interesagatik", Azpeitiko Udalari "erakutsitako prestutasunagatik" eta jardunaldietan izena eman duten guztiei. "Bakea ez da bulegoetan egiten, kalean, egunerokotasunean eta denon artean egiten da", adierazi du Salegik. Hala, jardunaldietan zehar egingo dituzten saioetan parte-hartzaileen iritziak jasoko dituztela aurreratu du, ondoren iritziak txosten batean biltzeko.

Maribel Vaquerok, bere aldetik, egia justizia eta erreparazioa "printzipio potoloak" direla esan du, eta norberak modu batera edo bestera ikusten dituela: "Nazioarteko printzipio horiek, egia, justizia eta erreparazioa, askotan esan eta errepikatzen ditugun terminoak dira, eta sarritan atzean duten benetako esanahia galtzen dute. Printzipio potoloak dira, eta norberak modu batean edo bestean interpretatzen ditu". Bestalde, etorkizunera begira gazteek duten garrantzia azpimarratu du, eta horregatik gazteei gaiaz eskaini behar zaien transmisioa "ardura" dela esan du. Emakumeek jardunaldietan duten presentziaz ere aritu da Vaquero, eta "pozgarria" dela esan du. 

"UEUk gizartearekin elkarlanean gizarteri bere ekarpena egin nahi dio", adierazi du Iñaki Alegriak, eta hori lortzeko sarea "lankidetzan oinarrituta" dagoela gaineratu du, jardunaldi hauek adibide gisa jarrita.