Igandean jokatuko da autoen Urrakiko XXXIV. Igoera

Uztarria.eus 2016ko urr. 12a, 18:09
Ezkerretik eskubira, Angel Gurrutxaga, Javier Pastor, Joxean Araneta, Iñigo Cuesta, Jorge del Cid, Estitxu Elduaien eta Iñaki Alberdi, atzoko aurkezpenean.

56 gidarik eman dute izena Lagun-Artea Eskuderiak antolatutako lasterketarako, tartean bost azpeitiarrek. 10:00etan hasiko da proba, entrenamendu saioekin. Zapatuan, berriz, auto denak Epaitegien plazan elkartuko dira 15:00etatik 20:00etara, egiaztapenetarako.

Auto lasterketen zaleek hitzordu garrantzitsua izango dute igande honetan, urriak 16, Azpeitian. Lagun-Artea Eskuderiak antolatuta, Urrakiko XXXIV. Igoera jokatuko da egun horretan, aurtengo Euskal Herriko Mendi Txapelketako azkenaurreko proba izango dena.

Atzo, osteguna, aurkeztu zuten lasterketa Sindikatu Zaharrean. Lagun-Arteako Jorge del Cid eta Joxean Araneta, Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburua, Angel Gurrutxaga Euskadiko Federazioko presidentea, Gipuzkoako Federazioko presidente Iñigo Cuesta, Iñaki Alberdi pilotua eta Javier Pastor Gulf etxe babeslearen ordezkariak hartu zuten parte aurkezpenean.

56 dira Urrakin aritzeko izena emana duten gidariak, aurreko urteetan baino kopuru txikiagoa. "Parte-hartzea murriztu egin da. Azkenaldian lasterketa asko egin dira, denak batera, eta antzeman egin da hori. Hala ere, pilotu onak dauzkagu", esan zuen Lagun-Arteako Jorge del Cidek.

Horien artean egongo dira aipatutako Euskal Herriko Mendi Txapelketa irabazteko lehian dabiltzan Aitor Zabaleta (Lola BMW), Joseba Iraola (Demoncar R34) eta Arkaitz Ordoki (BRC) monoplaza gidariak. Turismoen atalean, berriz, Iban Tarsicio (Mitsubishi EVO IX), Markel Cestafe (Mitsubishi EVO VII), Mattin Villares (Renault Clio Maxi), Lebeiti (R5 Tour de Corse) eta Eneko Goiriena (BMW M3) nabarmendu dituzte antolatzaileek, "etxeko pilotuekin ahaztu gabe": Gurutz Agirretxe errezildarra (BMW M3) eta Iñai Alberdi azpeitiarra (Ford Escort MK-II) nabarmenen zakuan egotea espero dute Lagun-Arteakoek. Alberdiz gain, beste lau azpeitiar gidarik ere hartuko dute parte igandeko lasterketan: Gari Zubizarreta (Renault Clio Williams), Jon Arregi (Abarth Punto EVO), Ander Alberdi (Ford Escort RS2000) eta Aritz Uzkudun (BMW 325i).

Ordutegiak eta segurtasunerako jarraibideak

Igandean, 10:00etan hasiko den entrenamendu saioarekin hasiko da Urrakiko igoera; horren atzetik etorriko dira bi manga puntuagarriak. Errepidea 09:00etan itxiko dute, "edo lehenago, aparkalekua betetzen bada". Horrelako lasterketa bat dagoen orotan bezala, segurtasun neurriak eta ingurua errespetatzeko deia luzatu dute antolatzaileek eta laguntzaileek. "Proba ikustera hurbilduko diren guztiei gogorarazi nahi diegu erabat debekatua dagoela aparkatzea ibilbide guztian. Horrez gain, gogorarazi jende guztiari proba leku altu eta seguru batetik ikusi behar dela, komisarioek emandako jarraibideak betez, eta debekatutako guneak errespetatu egin behar direla, plastikozko zinta gorriz markatuta egongo direnak", azaldu zuen Angel Gurrutxagak. "Mendia ez dela zabortegi bat" ere azpimarratu zuen, etxetik eramandako guztia bueltan eramateko gogoratuz, "ez delako asko kostatzen dena lehen zegoen bezala uztea".

Bestalde, lasterketa egunaren bezperan izango dute zaletuek Urrakin aterako diren kotxe eta gidariekin lehen hartu-emana izateko aukera. Izan ere, zapatu arratsaldean egingo dituzte egiaztapen administratiboak zein teknikoak eta, horretarako, parte-hartzaile guztiak Epaitegien plazan elkartuko dira, 15:00etatik 20:00ak aldera arte.