Berrikuntzekin dator VIII. Zezen Beltz asteburua

Uztarria.eus 2016ko urr. 12a, 13:04
Iazko Zezen Beltz asteburuko Grand Prixeko irudi bat.

Zapatuan eta igandean izango da Zezen Beltz elkarteak antolatzen duen asteburu berezia. Aurtengo edizioa berrikuntzekin dator, eta Grand Prix solidarioa eta helduen entzierroa izango dira estreinakoz. 

Zapatuan eta igandean, urriaren 15ean eta 16an, VIII. Zezen Beltz asteburua izango da Azpeitian. Aurreko edizioetan bezala, haur eta helduei zuzendutako egitaraua prestatu du Zezen Beltz elkarteak astebururako, eta tartean hainbat berrikuntza izango dira.

Zapatu arratsaldean Grand Prix solidarioa izango da zezen plazan. Azken urteetan ere antolatu dute Grand Prixa, baina aurtengoa berezia izango da. Izan ere, zapatuko ikuskizuna solidarioa izango da, eta sarrerekin lortzen duten dirua ASPANOGI minbizia duten haurren gurasoen Gipuzkoako elkartearentzat izango da.

Lau taldek hartuko dute parte Grand Prixean, eta horien artean izango dira ASPANOGIko kideak. Sarrerak salgai daude dagoeneko hiru euroren trukean, Azpeitiko Juantxo Txiki, ISB, Izaro, Azpeitia eta Korrale tabernetan eta Azkoitiko Zurten eta Elurren.

Igande eguerdian, azken urteetan bezala, sahieski eta oilasko pintxoak dastatzeko aukera izango da plazan. Arratsaldean beste berrikuntza bat izango da: helduen entzierroa. Artzubitik plazara egingo dute ibilbidea eta handik Artzubira itzuliko dira. Ondoren, zezen bolaztatuak izango dira bertan.

Hemen VIII. Zezen Beltz asteburuko egitaraua osorik:

Urriak 15, zapatua

12:30. Sokamutur txikia Erdikalean hasi eta plazara. Ondoren, zezen txikiak eta poniak plazan.

17:00. Grand Prixa, zezen plazan. Bukaeran, zezen txikiak izango dira haurrentzat.

Urriak 16, igandea

12:30. Sokamutur txikia, Erdikaletik plazara. Ondoren, zezen txikiak eta poniak plazan
bertan.

12:30. Txahal sahieski eta oilasko erretzea, plazan. Horien pintxoak dastatu ahal izango dira, eta musikaz alaituko dute giroa.

17:00. Helduen entzierroa Artzubitik plazara, eta buelta. Ondoren, zezen bolaztatuak Artzubia kalean.