Soreasuko Dinamoa hasi da itxura hartzen

Uztarria.eus 2016ko urr. 6a, 21:07
Ezkerretik eskubira, Aitor Bengoetxea, Garikoitz Mendiola, Agustin Jimenez, Izaro Zinkunegi, Ainara LarraƱaga, Josu Labaka eta Xabier Gantzarain, Dinamoaren lokal aurrean.

Sormen gunearen izena, irudia eta behin-behineko kokalekua izango direnak aurkeztu dituzte. Udala Soreasuko eraikineko beheko solairuko lokal bat hasi da egokitzen eta Kultur Mahaiak ekin dio datozen hilabeteetako egitaraua prestatzeari. Lanak urte bukaerarako amaituta egotea aurreikusi dute; 20.000 euro jarriko ditu Udalak obrak egiteko, eta beste 7.000 bertako kultur eskaintza osatzeko.

Soreasuko sormen guneak baditu izena, irudia eta behin-behineko egoitza. Dinamoa da Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak elkarlanean abian jarritako proiektuaren izena, "Azpeitiko kultur mugimendu bizia indar bihurtu nahi" dutelako, "eta indar horrekin argi egin". Triangelu batekin osatu dute, berriz, irudia, "erpin ugariko hirukiak mugimendua adierazten duelako, eta aldi berean forma horrek Soreasuko eraikina ekartzen du gogora". Eta proiektua gauzatzen hasteko, Soreasuko beheko solairuko lokal bat hasi dira egokitzen; beheko aparkalekuaren sarrera nagusiaren eta Elkargunearen artean egongo da Dinamoaren estreinako etxea.

Guzti horren berri eman zuten atzo, asteazkena, Udaleko eta Kultur Mahaiaren talde eragileko kideek Soreasun bertan. Soreasuko eraikinari "bizia emateko asmoz" azken hilabeteetan abian duten prozesu parte-hartzailearen barruan "beste pauso bat" dela nabarmendu zuten. Joan den udaberrian gizarteratu zuten proiektua, eta udako oporrak baino lehen sormen gunearen oinarri nagusiak aurkeztu zituzten.

Baliabideak

"Proiektuaren zirriborroa egina eta aurkeztua dago, ondorio nagusi batzuk ere atera ditugu, eta Soreasuren inguruko eskema zaharrak alde batera utzi eta sormen guneari heltzeko ordua iritsi da", esan zuen atzo Josu Labaka Udaleko Kultura batzordeburuak. Horrela, Udalak 20.000 euro jarriko ditu aipatutako lokala egokitzeko; obrak urte honen bukaerarako amaituta egongo direla aurreikusi dute. Dinamoaren hasierako egoitza horren behin-behinekotasuna aipatu zuen Labakak. "Proiektuak eman dezakeena ikusteko, laborategia sortzeko", balioko du; "eta aurrera begira, proiektuak eta beharrek eskatzen duten heinean lehen solairua egokitzeko konpromisoa ere badugu", gaineratu zuen. Lokalak erabilera anitzetarako balio izatea da asmoa eta, horretarako, "oinarrizko azpiegitura" batekin hornituko dute, "gehiegi bete gabe".

Lokala egokitzeko jarriko duenaz gain, Udalak 7.000 euroko beste diru-poltsa bat inbertituko du, datozen hilabeteetan Dinamoa osatzen joango den kultur eskaintza garatzen laguntzeko.

Proiektuari baliabideak eskainita, Udalak sormen gunearen prozesuan zehar somatu duen "mamu eta beldur nagusi bat" uxatzen lagunduko duela uste du Kultura batzordeburuak. "Guk beti azaldu dugu gure prestutasuna proiektua garatzeko, beti ere Udalaren baliabideak aztertu eta epekako gauzatze bat egin beharko zela aurreikusiz. Baina nabaria izan da askotan konfiantza falta, hori ere irabazi egin behar baita", adierazi zuen.

Mamia

Uztailean, Soreasuko sormen gunearen oinarriak aurkezteko Sanagustinen egindako batzar irekian aurreratu zuen Kultur Mahaiak udazkenean fase berri bat abiatuko zutela. Sormen gunearen marka (izena eta irudia) eta hasierako egoitza aurkeztuz ekin diote fase berriari. Baina irudiaz eta espazioaz gain, Dinamoarentzat mamia ere hasi dira lantzen.

Horrela, datozen hiru hilabeteetarako egitaraua prestatzen ari direla aurreratu zuen Xabier Gantzarainek. "Horretarako, nola ez, herriko sortzaileen proposamenak, eskaerak eta beraien sormena bera kontuan hartu nahi izan dugu, baita diziplinen arteko oreka ere", azaldu zuen. Egitaraua lantzen ari dira eta ez dute xehetasunik eman, oraingoz, baina zehaztu dituzte eskaintzarekin bete nahi dituzten helburuak: sormenari buruz eztabaidatzea eta gogoeta egitea; herriko sortzaileen proiektuak eta sormen prozesuak ezagutzea eta ezagutaraztea; eta adierazpide ezberdinetako tailerrak egitea.

"2016ko udazkenerako egitaraua prestatzen ari bagara ere, azpimarratu nahi dugu erabat irekia dela, hau da, jendearen interes eta proposamenak ezagutu nahi ditugula; are gehiago, hau guztion artean osatzea dela helburua. Datorren urteko egitaraua lantzen ere hasiak gara, aipatutako izaera ireki eta parte-hartzailearekin betiere", azpimarratu zuen Gantzarainek. Datozen hiru hilabeteetako egitarauari dagokionez, eta Soreasuko obrak urtea bukatu arte luzatuko direla aurreikusita, herriko beste gune batzuk erabiliko dituztela azaldu zuen.

Eskaintza edo mamia borobiltzearekin batera, uztaileko aurkezpenean mahai gainean jarritako hainbat galderari erantzuteko ere lanean ari direla esan zuen Gantzarainek, besteak beste Dinamoaren funtzionamendua, kudeaketa eta irizpideak finkatzeko. "Kultur Mahaiko talde eragileak erronka honi heldu dio, eta egunerokotasunean lantzen ari da, udazken honetan proiektua bere osotasunean amaitu eta aurkezteko". Bukatzeko, "herriko talde eta norbanako orori bidelagun izateko gonbidapena" luzatu zuen berriro, fase honetan ere proiektuaren izaera parte-hartzailearen garrantzia gogoratuz.