Dozenaka lagun hurbildu ziren atzo, hilak 5, larriki gaixo dauden presoen inguruko hitzaldira, Sanagustin kulturgunera. Azpeitiko Sarek antolatu zuen solasaldia, preso gaixoen egoera gizartaratzeko egiten ari diren lanketaren barruan. Hizlari bezala aritu ziren Joxe Mari Agirretxe, Ibon Fernandez larri gaixo dagoen presoaren osaba eta Idoia Ibero Sareko kidea.
Ordubete inguruz aritu ziren solasean Agirretxe eta Ibero. Esklerosi anitza du Ibon Fernandezek, eta gaixotasuna diagnostikatu ziotenetik gaur artean jasan duen tratua azaldu zuen haren osabak. "Beharrezko tratamendua jasotzeko eta artatzeko trabak jarri besterik ez" dizkiotela azaldu zuen Agirretxek.
Idoia Iberok gaur egun larriki gaixo dauden hamar presoen egoeraren berri eman zuen. Sareko kideak azaldu zuenez, honako gaixotasunak dituzte egun kartzeletan jarraitzen duten presoek: tumorea prostatan, bihotzeko arritmia, begietako gaixotasun larriak, artritisa bizkarrezurrean, miopia eta glaukoma, esklerosi anitza, desoreta obesibo konpultsiboak (edozein momentutan buruaz beste egiteko arrixkua), IHESa fase aurreratuan, eskizofrenia, mingainean minbizia eta espondilitis ankilosantea.
Horrez gain, Jagoba Godo presoaren kasua izan zuen mintzagai Idoia Iberok. Hark azaldu zuenez, urte asko eraman zituen Godok gaixotasunaren berri eman gabe. "Publiko egin eta hiru astera, Martutenetik Espainiako beste espetxe batera mugitu zuten Godo. Hara iritsi zenean, espetxean esaten zutena zen ez zegoela gaixotasunaren berri ematen zuen inongo informerik", azaldu zuen Iberok.
Larriki gaixo dauden presoen osasunarekin "jolasean" ari direla esan zuten Sareko bi kideek, eta hori "gizarteratu beharra" dagoela azaldu zuten.
Bestalde, urriaren 15ean Sarek Donostian egingo duen manifestaziora joateko deia egin zuten Joxe Mari Agirretxek, Idoia Iberok nahiz Azpeitiko Sareko kideek.