Kontxu Odriozola omenduko dute Lekeitioko Euskal Zine Bileran

Uztarria.eus 2016ko urr. 4a, 18:55
Kontxu Odriozola. (ETB)

Jaialdia urriaren 16tik 23ra egingo dute eta 21ean oroituko dute joan den otsailean hil zen azpeitiar aktorea. 'Euskal zinemaren begirada 2016' ikurra eskainiko diote Odriozolari.

39. Euskal Zine Bilera egingo dute hil honetan Lekeition (Bizkaia) eta, bertan, Kontxu Odriozola zena omenduko dute. Urriaren 16an hasi eta 23ra arte luzatuko da euskal zinemari eskainitako jaialdi hori, eta hilaren 21ean izango da Odriozolari eskainitako omenaldia. Joan den otsailaren 5ean hil zen Kontxu Odriozola.

'Euskal zinemaren begirada 2016' ikurra eskainiko diote azpeitiarrari hil ondorengo omenaldian. Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan egingo dute urriaren 21eko ekitaldia, 19:30ean. Bertan, euskal ikus-entzunezkoetako emakume aitzindariak oroituko dituzte aurrena eta, ondoren, Odriozola protagonista duen Urte berri on, amona! filma emango dute. Film hori zuzendu zuen Telmo Esnalekin solasaldia ere egingo dute.