Azpeitian hasiko da Urola Kostako Kros Mistoen I. Txapelketa

Uztarria.eus | Kirolak
2016ko urr. 1a, 11:50

Urriaren 29an izango da Ikasberri Kirol Elkarteak antolatutako lasterketa. Aurten, Errezilen eta Zarautzen egiten dituzten kros mistoekin bat egin eta sortu dute txapelketa berria, "kirola egiten dutenei herrian korrika egiteko aukera emanez, baina bereziki emakumeen partaidetza eta kirol arloan parekidetasuna sustatzeko" asmoarekin.

Antolatzaileak eta babesleak, Urola Kostako Kros Mistoen I. Txapelketaren eta hiru krosen kartelak eskuetan dituztela, Plaza Txikian.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Azpeitiko, Errezilgo eta Zarauzko lasterketetako antolatzaileak elkartu eta Urola Kostako Kros Mistoen I. Txapelketa antolatu dute, "kirola egiten dutenei herrian korrika egiteko aukera emanez, baina bereziki emakumeen partaidetza eta kirol arloan parekidetasuna sustatzeko" helburuarekin. Kros mistoetan gizon-emakume bikoteak dira parte hartzen dutenak.

Atzo, ostirala, aurkeztu zuten egitasmoa antolatzaileek. Azpeitian eman zuten txapelketaren berri, eta Azpeitian izango da txapelketa berriaren lehen hitzordua ere. Azpeitiko Herriarteko Kros Mistoak VII. edizioa izango du aurtengoa eta urriaren 29an egingo da, 18:30ean plazan hasita. Ondoren etorriko dira Errezilgoa, azaroaren 20an, eta Zarauzkoa, abenduaren 4an. Errezilen bigarren aldia izango du probak, iazko lehen edizioaren ostean, eta Zarauzkoa da guztietan beteranoena: 38. edizioa osatuko du 2016an.

Txapelketa berriaren araudia

Ligaxka osatuko duten hiru lasterketetan parte-hartzea bultzatzen du Urola Kostako Kros Mistoen I. Txapelketaren araudiak. Honakoak dira lehiatzeko baldintzak:

  • Txapelketan lehiatzeko, bikoteak berdina izan behar du hiru lasterketetan. Bikotean aldaketak onartuko dira lesioak tarteko eta mediku-agiria aurkeztuta, beti ere. Kasu horietan, aldaketak izan dituen bikoteari bost minutuko penalizazioa ezarriko zaio.
  • Bikote bakoitzak 45 euro ordaindu beharko ditu. Hala ere, txapelketan lehiatzeko ez da beharrezkoa hasieran izena ematea. Azpeitiko eta Errezilgo lasterketetan parte hartzen dutenek, ordea, nahikoa izango dute bost euro ordaintzea Zarauzkoan parte hartzeko.
  • Hiru lasterketetan egindako denboren baturarekin erabakiko da txapelketaren sailkapena. Sari banaketa Zarautzen egingo da, azken probaren ondoren.

Herrikrosa.eus webgunean egin daiteke txapelketarako izen-ematea, edota txapelketa osatzen duten lasterketarakoa.

Azpeitiko kros mistoa

Urriaren 29ko Azpeitiko Herriarteko VII. Kros Mistorako izen-ematea ere zabalik da, horrenbestez. Internetez ez ezik, Azpeitian (Aitzaki Kirolaken, Aradi-Robersen, Santi Lazkanon eta Mugin), Azkoitian (PB Sporten) eta Zarautzen ere (Helmugan) eman daiteke izena.

Jon Garate antolatzaileak azaldu zuenez, aurten 200 metro laburtu dute ibilbidea; horrela, 6,2 kilometro izango ditu guztira, plazan hasi eta plazan bukatuz. Korrika egitera datozen bikoteentzat, "bereziki kanpotik datozenekin pentsatuta", eskaintzen dituzten zerbitzuak eta erraztasunak azpimarratu zituen Garatek: bost orduko doako parkina Soreasun, eta 18:30etik 19:30era ludoteka zerbitzua 0-8 urte bitarteko umeentzat, besteak beste. Urtero legez, gainera, aurten ere euskal selekzioen aldeko aldarria zabalduko du Azpeitiko kros mistoak; hala elastikoetan, nola lasterketa abiatu aurretik parte-hartzaile guztiekin ateratzen duten argazkiarekin.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu