Ezbeharren bueltan lotutako bizitzak

Gipuzkoako Hitza 2016ko ira. 30a, 15:25

15 urte dira Iñaki Aiertza eta Beñat Arrue gipuzkoarrak eta beste hiru nafar Pumoriko bidean hil zirela. Senideek urtero oroitu dituzte bost gazteak, eta hainbat bidaia egin dituzte Nepalera. Hango bizitza hobetzen ere lagundu dute.

Badira gerturatzen direnean bihotza estutzen duten egun jakin batzuk. Gorriz markatuta izaten dira egutegian, eta, urteak pasatu arren, denen oroimenean segitzen dute. Horietako bat da urriaren 17a.

2001. urtea zen, eta Himalaiako Pumori mendiaren (Nepal) gailurrera iristeko lehen ahalegina egitera ilusioz gainezka irten ziren bost mendizale gazte: Iñaki Aiertza (Aizarnazabal) eta Beñat Arrue (Aizarna) gipuzkoarrak, eta Aritz Artieda (Etxarri Aranatz), Javier Arkauz (Lakuntza) eta Cesar Nieto (Iruñea) nafarrak. Bidean zirela, ordea, izotz-jausi batek azpian harrapatu zituen bost euskaldunak, eta bertan hil ziren.

"Espedizioa hamar lagunekoa zen, baina, denek batera igo ezin zutela eta, bi taldetan banatu ziren. Zozketa egin zuten zotz laburrena edo luzeena nork atera. Ez dakit nola izan zen, baina gureei tokatu zitzaien", azaldu du Arantxa Gurrutxagak (Aizarna, 1953), istripuan hildako Beñat Arrueren amak. "Gogorra izan zen", adierazi du Mikel Aiertzak (Aizarnazabal, 1975), Iñaki Aiertzaren anaiak: "Egun batetik bestera ematen dizute berria, eta…"

Gainera, ezin izan zituzten gorpuak erreskatatu, eta Pumorirako bidean gelditu ziren bost hilotzak. Hala ere, baikorra da Aiertza: "Nik beti diot: Iñakik mendia maite zuen, eta han baino hobeto ez dago inon".

Hamabost urte pasatu dira ezbeharra gertatu zenetik, baina Aiertzak dio “oso presente” dutela. Urte guztiotan, "urriaren 17tik gertuen dagoen igandean, Aralarren elkartzen gara hildako guztien familietakoak", dio. "Omenalditxoa egiten diegu", gaineratu du Gurrutxagak: “Duela hamabost urte, sei zuhaitz landatu genituen han: bat denen oroimenez, eta beste txiki bana bakoitzari eskainita. Plaka bat ere ipinita daukagu”, esan du Gurrutxagak. Aiertzak dio "harreman oso polita" egin dutela familien artean: "Egun hori denok elkartzeko aitzakiatzat daukagu".

Erreportajea osorik, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.