Larriki gaixo dauden presoen eskubideak aldarrikatu dituzte osasungintzako hainbat profesionalek

Uztarria.eus 2016ko ira. 29a, 14:15
Azpeitiko anbulatorioko hainbat profesional, gaur, irailak 27, egin duten agerraldian.

Kartzeletan osasun arloan ematen diren eskubide urraketen berri eman dute Azpeitiko anbulatorioko hainbat profesionalek. Horrez gain, "euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespeneko neurriekin amaitzeko eta osasun arloan legeek diotena betetzeko" eskatu dute. Aldarri berarekin, osasungintza arloko beste hainbat norbanakok argazkia aterako dute zapatuan.

Kartzeletan larriki gaixo dauden euskal presoek osasun arloan jasaten dituzten eskubide urraketez ohartarazteko eta horiek salatzeko agerraldia egin dute, gaur, osteguna, Azpeitiko anbulatorioko hainbat profesionalek.

Horiek azaldu dutenez, "Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 1948. urteko bere eraketan onartutako definizioak 'osasuna' erabateko ongizate fisiko, mental eta sozialaren egoera dela dio, ez soilik gaixotasunik edota minik ez izatea". Horrez gain, azpimarratu dute, legediak ahalbidetzen duela larriki gaxorik dauden presoei baldintzapeko askatasuna ematea, horiek tratamendu egokia jaso dezaten.

Legeek esaten dutena eta errealitatean gertatzen dena "ezberdina" dela nabarmendu dute, eta horregatik "euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespeneko neurriekin amaitzeko eta osasun arloan legeek diotena betetzeko" aldarrikatu dute. 

Pertsona guztiek "osasunerako eskubidea eta gaixotasunen tratamendua zein zaintza modu egokienean jasotzeko eskubidea" dutela azaldu dute Azpeitiko anbulatorioko hainbat profesionalek. Eskubide horiek, baina, "urratuta" daudela esan dute, eta egun osasungintza arloan ematen diren egoera batzuk azaldu dituzte: "Segurtasun arrazoiek erabateko lehentasuna dute osasun eskubidearen gainetik, konsultak, probak eta tratamenduak berandu jasotzen dituzte, sendagilearen kontsultan kartzelaria aurrean egotea agintzen da, eta horrela gaixoaren eta sendagilearen arteko konfidentzialtasun printzipio deontologikoa urratzen da. Horrez gain, konfidantzazko sendagileari kontsulta egiteko aukera ukatu egiten zaie normalean". 

Bestalde, Sarek larriki gaixo dauden presoen eskubideen alde urriaren 15ean Donostian egingo duen manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Beste hainbat egitasmo

Sarek Donostian egingo duen manifestazioaren harira, preso gaixoen gaia gizarteratzeko hainbat ekimen prestatu ditu Azpeitiko Sarek, eta horietako bat da osasun arloko profesionalen argazkiena. Gaur, osteguna, atera dute aurrena eta zapatuan, urriaren 1ean, beste bat aterako dute, 12:00etan anbulatorio aurrean. Salaketarekin eta aldarriarekin bat egiten duen osasungintzako profesional orok har dezake parte argazkian. 

Bestalde, bihar, irailak 30, hileko azken ostiralero bezala, elkarretaratzea egingo dute 19:00etan plazan, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde. 

Agerraldiez eta kontzentrazioaz aparte, preso gaixoen egoeraz hitzaldia ere antolatu du Azpeitiko Sarek urriaren 5erako. Sanagustinen izango da solasaldia, 19:00etan hasita. Hizlariak Joxe Mari Agirretxe, Ibon Fernandez preso gaixoaren osaba, eta Idoia Ibero sarekidea izango dira.