Kereila kriminala jarri du Angel Otaegiren familiak, hilketaren ardura argitzeko

Uztarria.eus | Politika
2016ko ira. 27a, 13:42

Haren hilketaren erantzuleak zeintzuk diren argitzea eta horiei ardurak eta erantzunkizunak eskatzea nahi dute. Horretarako, sumarioaren kopia bat eskuratzea nahi dute. Bidea "zaila" izango dela azaldu du Angel Otaegiren familiako abokatuak, baina "merezi" duela uste dutela azpimarratu du. Eneko Etxeberria alkateak, bere aldetik, "justizia eta erreparazioa" aldarrikatu ditu. 

Eneko Etxeberria alkatea, epaitegira hurbildu diren herritarrei kereilaren inguruko azalpenak ematen  Ikusi haundiago | Argazki originala

Gaur, irailak 27, Francoren erregimenak Angel Otaegi nuarbetarra hil zuela 41 urte bete dira, eta haren hilketa argitzea eskatzeko kereila kriminala jarri du Otaegiren familiak gaur bertan. Angel Otaegiren lehengusu Mertxe Urtuzagaren izenean jarri dute helegitea, baina osasun arazo batzuk tarteko Urtuzaga ezin izan da epaitegian aurkeztu. Hala, Angel Otaegiren familiaren abokatu Mikel Elortzak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak haren izenean jarri dute kereila Azpeitiko epaitegian. 

Eneko Etxeberriak adierazi duenez, "Angel Otaegiren erailtzaileek aurpegiak dituzte, izen-abizenak dituzte, eta 41 urte beranduago aldarrikatu nahi dugu ez dagoela justiziarik haren familiarentzat. Horregatik, aurkeztu dugu gaur kereila kriminala frankismoaren garaiko hainbat arduradunen aurka, horien gainean egindakoaren ardura erortzea nahi baitugu, Angelentzat justizia eta erreparazioa eskatzeko". Bidea "zaila" izango dela azpimarratu du Etxeberriak, "biktima batzuentzat ez baitago justiziarik", eta "hori agerian uztea nahi" dutela adierazi du.

Kereila kriminalarekin lortu nahi dutena da Angel Otaegiren hilketaren erantzuleak zeintzuk diren argitzea, eta horretarako sumarioaren kopia bat eskuratzea. Mikel Elortza abokatuak azaldu duenez, "familiak hainbat saiakera egin ditu eta oraindik ez dute lortu sumarioa eskuetan izatea. Eskatzen duguna da auzitegiek sumarioa eskuratzea eta guri ematea". Horrez gain, 41 urte geroago "oinarrizko informazioak eta eskubideak zapalduta jarraitzen" dutela adierazi du Elortzak, "hortik ondorioztatuko baitira hainbat puntu juridiko". 

Bidea "zaila" izango dela nabarmendu du Angel Otaegiren familiaren abokatuak: "Badakigu bidea oso zaila izango dela. Horrelako kereila kriminalak, beste herri batzuetan aurkeztu dituztenak, ez dute aurrera egin, eta bidea oraingoz Argentinan dago irekita. Memoriak eta errekonozimenduak merezi dutela uste dugu, eta horregatik hartu dugu bide judiziala". 

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzunak

aitor | 2016-09-28 : 09:59

Abenduaren 3an sartuko al dute kereila kriminalik??

tabernaria | 2016-09-28 : 12:17

Abenduraren 3koa ederki epaitua ziok, horretarako justiziak ondo funtzionatzen dik, ederki funtzianatzen ardura eskaerak Audientzia Nazionalak, torturak, deklarazio poliziak, atxiloketak eta ardura politikoak, usten diat mozio bat eta dena egon zela, biktima batzuek bakarrik direlako. Pili zabala ez dek biktima eta Otaegi ere ez. Hori babesten ari haiz Aitor, hori babesten baina gustora geldituko haiz. Batzuentzako aldapa batean usteltzea beren asesinoak lasai kalean pasieran ibiltzea, ez omenaldirik eta ez ezer.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu