Txikiren eta Otaegiren omenezko ekitaldia izango da zapatuan, Izarraitz pilotalekuan

Uztarria.eus 2016ko ira. 26a, 15:02
Iaz Nuarben Angel Otaegiren omenez egindako ekitaldiko irudia.

18:00etan hasiko da haiek omentzeko ekitaldia, Izarraitz pilotalekuan. Horrez gain, Txikiren eta Otaegiren omenezko beste ekitaldi bat egingo dute Nuarben 12:00etan. 

Bihar, irailak 27, 41 urte beteko dira Francoren erregimenak Angel Otaegi, Juan Paredes Manot Txiki eta FRAPeko beste hiru kide hil zituztenetik. Haiek omentzeko ekitaldia egingo dute Izarraitz pilotalekuan datorren zapatuan, urriaren 1ean, Zutik dirauen herria lelopean. Omenaldia 18:00etan hasiko da. "Ekitaldia xumea eta intimoa" izango dela adierazi zuten Otaegiren senideek joan den zapatuan egindako agerraldian. Datorren zapatuan, baina, beste zita bat ere izango da. Izan ere, 12:00etan Angel Otaegiren omenez ekitaldia egingo dute Nuarben, 12:00etan hasita. Ondoren, hamaiketakoa egingo dute. 

"Azken 40 urteetan Frantziako eta Espainiako estatuek pertsona askoren aurkako errepresioa ezkutatu eta zuritu duten bezala, gure sufrimendua ere isilarazi dute", salatu zuten Angel Otaegiren senideek zapatuan egindako agerraldian. "Gu egia osoaren alde gaude, gure kale eta historia liburuetatik ezer eta inor ezabatu gabe. Gure egiak ez dio inori bizkarrik emango, baina gatazkaren ondorioz pertsona ugariri bortxatu izan zaizkie larriki oinarrizko eskubideak, inolako aitortza eta erreparaziorik gabe. Oker hori zuzendu beharra dago”, adierazi zuten Otaegiren senideek.

Zarautzen ere gogoan izango dituzte Txiki eta Otaegi. Bihar, asteartea, ekitaldia egingo dute Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatuta.