EH Bilduk jaso du boto gehien Azpeitian, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan

Uztarria.eus 2016ko ira. 25a, 23:17

3.192 boto jaso ditu EH Bilduk Azpeitian. 117 botoren aldearekin, 3.075 boto lortuta, EAJ izan da bigarren. Hirugarren bozkatuena Elkarrekin Podemos izan da, 407 boto jasota. Orain lau urte baino jende gutxiagok eman du botoa Azpeitian, eta parte-hartzea %64,93 izan da. 

EH Bildu izan da gaur, igandea, boz gehien jaso dituen alderdia Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Azpeitian. Botoen %100 dago zenbatuta, eta 3.192 boto jaso ditu EH Bilduk. Bigarren bozkatuena, aurrena baino 116 boz gutxiagorekin, 3.075 botorekin, EAJ izan da. Hirugarren indarra Elkarrekin Podemos izan da 407 boto eskuratuta. Laugarren bozkatuena PSE-EE izan da, 198 boto jasota. PPk 169 boto eskuratu ditu, eta Ciudadanosek 37 boz batu ditu. ATTKAk 12 boto, PFYVk 11, Zero Murrizketak 5, Ganemosek 5 eta Libertate Nafarrak 3 boto jaso dituzte.

Parte-hartzea orain lau urte baino txikiagoa izan da, eta hautesleen %64,93k eman dute botoa, 7.187 pertsonek, hain zuzen. 

2012eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EH Bilduk 3.597 boto jaso zituen (%46,88); EAJk, berriz, 3.326 boto eskuratu zituen (%43,36). PSE-EEk 368 boto jaso zituen (%4,80), PPk 190 boto (%2,48) eta UPyDk 25 boto (%0,33). Parte-hartzea, aldiz, %70,28koa izan zen. 

Gipuzkoan EAJ izan da zerrendarik bozkatuena 116.989 boz jasota ,eta EH Bildu bigarrena 98.181 botorekin. EAJk 9 eserleku eskuratu ditu eta EH Bilduk 8 eserleku. Horrenbestez, Nerea Aldai (hamaseigarrena zen jeltzaleen zerrendan) nahiz Marina Bidasoro (EH Bilduren zerrendan hemezortzigarrena) azpeitiarrek ez dute eserlekurik izango Eusko Legebiltzarrean.

Erreakzioak 

Nerea Aldai (EAJ): "Oso pozik gaude lortutako emaitzekin, bai Azpeitian eta baita Gipuzkoan ere. Azpeitian bigarren indarra izan gara, eta lehen indarra izan den EH Bilduri zorionak. Horiengandik geroz eta hurbilago gaudela ikusten dugu ordea, eta horrek indarra ematen digu. Hala, lanean jarraituko dugu, aurreneko indarra izatea lortu arte. EAE mailan EAJk lortutako datuei dagokienez, balorazio oso positiboa egiten dugu. Ikusi da indar politiko berri bat indarrez sartu dela, baina hala eta guztiz ere alderdi bozkatuena izaten jarraitzen dugu, eta horrek pozten gaitu. Horregatik, eskerrak eman boza eman diguten herritar guztiei. Aurrerantzean lanean jarraituko dugu, horretarako lau urte baititugu aurretik".

Marina Bidasoro (EH Bildu): Ikusi dugu azken inketestek ematen zituzten datuak baino hobeak lortu ditugula, eta horrek asko pozten gaitu. Bestalde, ikusi da erabakitzeko eskubidearen aldeko bozak indarra hartu duela EAEn, eta hori positibo baloratzen dugu. Lan asko dago egiteko ordea, eta ikusiko dugu ea EAJ eta Elkarrekin Ahal Dugun jarrera zein den datozen lau urte hauetan, momentu polita baita hau erabakiak hartzerakoan bustitzeko. Azpeitiko datuekin oso posik gaude, ikusi baita ez goazela beherakadan. Horrek optimismoa pizten du, eta horri tiraka jarraitugu dugu lanean.