Igerilekuko energia kontsumoa aurrezteko proiektu berri bat aztertzen ari da Udala

Uztarria.eus 2016ko ira. 22a, 11:48
Udal arduradunak eta Usurbilgo Lanbide Eskolako kideak. (Azpeitiko Udala)

Barrenetxeko ur beroko iturburua aprobetxatuz energia aurrezteko neurriak hartu zituen Udalak orain dela bi urte. Orain energia gehiago aurrezteko beste proiektu bat aztertzen ari da Usurbilgo Lanbide Eskolarekin batera. Bestalde, Udalak Udaltzaingoaren bi auto elektrikoek behar duten energia sortzea du helburu. 

Azpeitiko Udala igerilekuan energia kontsumoa aurrezteko proiektu berri bat aztertzen ari da Usurbilgo Lanbide Eskolarekin batera. Helburua da energia kontsumoa ahalik eta gehien aurreztea. 

"Azpeitiko Udalak abian du energiaren kontsumo jasangarria sustatu, energia berriztagarrien alde egin eta eraikin publikoen efizientzia energetikoa bilatzeko plana, Energia Planaren baitan. Bide horretan hainbat neurri hartu dira azken urteetan", azaldu du Udalak. 

Orain dela bi urte Barrenetxeko ur beroko iturburua aprobetxatuz energia aurrezteko neurriak hartu zituen Udalak, eta orain energia gehiago aurrezteko proiektua aztertzen ari da. "Igerilekua izanik energia gehien kontsumitzen duen eraikinetako bat, energia aurrezteko beste proiektu bat garatzen ari da gara. Hori bideragarria izan daitekeen aztertzeko Usurbilgo Lanbide Eskolarekin bildu dira Udal arduradunak", azaldu dute. 

Autoentzat energia sortzea xede

Energia kontsumoa aurreztearen bidean, beste helburu bat ere badu Azpeitiko Udalak, Udaltzaingoaren bi auto elektrikoek behar duten energia sortzea, hain zuzen. Horretarako hainbat neurri hartuko dituztela aurreratu dute: "Hurrengo hilabeteetan kotxe horien erabilera ahalbidetuko duten eguzki plakak jartzea eta bi auto horien energia sortzea izango da helburua".