Azoka Herritik

Kulturaz jantzita dator aurtengo Azoka Herritik

Uztarria.eus 2016ko ira. 13a, 14:40

Poesia errezitaldia, antzerkia eta kontzertua antolatu dituzte ostiralerako. Horrez gain, zapatuan, hilak 17, kulturgunea prestatuko dute plaza txikian. 

Azoka bizimodu lelopean dator aurtengo Azoka Herritik, eta egitasmoaren errezetan sartzen dira, besteak beste, dendariak, bigarren eskuko azoka, baserritarrak, kirola, artisauak, elkarteak eta kultura. Azken hori izango da protagonista datorren ostiralean, irailaren 16an. Izan ere, hainbat kultur egitasmoz gozatzeko aukera izango da egun horretan.

22:30etik aurrera formatu txikiko kultur ekintza ezberdinak izango dira: poesia errezitaldia, antzerkia eta kontzertua. 22:30ean Anartz Izagirre azpeitiarrak eta Garazi Ugalde pasaiarrak poesia errezitaldia eskainiko dute Orkatzen. Pasaia Hiria Literatur Sariketako bi irabazleak dira Izagirre eta Ugalde, eta saritutako lanak aurkeztuko dituzte ostiralean, musika lagun. 

23:00etan Jendartean bidaide antzerkia izango da Sanagustin kulturgunean. Xanti Agirrezabala eta Telmo Irureta izango dira oholtzara igoko diren bi aktoreak, eta inkluzioaz arituko dira. Jarraian, 23:30ean, Felipe Murillo eta Iraia Bereziartuak kontzertua eskainiko dute Pikua tabernan. "Kulturaz giro ederrean gozatzeko hiru egitasmo eder dira ostiralekoak, eta herritarrak horiek ikustera animatu nahi ditugu", azaldu dute antolatzaileek.

Ostiralerako prestatutako ekintzez aparte, kulturak izango du bere tokia zapatuan ere. Hasteko, goizean, kale animazioa izango da Musika Eskolako ikasleen eskutik. Bestetik, kulturgunea jarriko dute plaza txikian, eta bertan erakusketak eta emanaldiak eskainiko dituzte Arte eta Diseinu Eskolak, Antxieta Arkeologi Taldeak eta Juan Antxieta Musika Eskolak.

Bazkalostean, berriz, Onintza Valverderen kontzertua izango da gaztetxean. Arratsaldean ere izango da zertaz gozatu, 18:30ean euskal kanten emanaldia izango baita plazan, Musika Eskolaren, K-Beat taldearen eta Dantza Suelto Eskolaren eskutik. Eta eguna ondo amaitzeko, Perlak eta La Basu taldeen kontzertuak izango dira Sanagustin kulturgunean, 23:00etatik aurrera.

Bihar, asteazkena, emango diote hasiera Azoka Herritik egitasmoaren baitan prestatu duten egitarauari, Herri hezitzailea hitzaldiarekin. Ostegunean jarraituko dute egitasmoekin, eta bertako tomatea oinarri hartuta pintxo potea egingo dute herriko hainbat tabernetan.