Juan Luis Morazaren 'Tug of war' ekitaldia egingo dute Nuarben eta Soreasu Antzokian, irailaren 1etik 3ra bitartean

Uztarria.eus 2016ko abu. 31a, 17:56
Azpeitiko, Azkoitiko eta Beizamako Udal ordezkariak; Donostia 2016ko eta 'Bake Ituna' proiektuko zuzendariak; Paradisu Zinema Zineklubeko, Nuarbeko Sokatira Taldeko eta Azkoitiko parrokiko kideak, eta Juan Luis Moraza aurkezpenean

Irailaren 3an Juan Luis Moraza artistak zuzendutako Tug of war, [gerrako tiraldia] ekitaldia egingo da Nuarbeko Olaetxe zelaian, 12:00etan, eta sardinada izango da ondoren. Aurretik, berriz, Nuarbeko Sokatiraren Museoa bisitatzeko aukera izango da. Autobusa antolatu dute Nuarbera joateko; 10:40ean abiatuko da Anbulatoriotik, eta ekitaldia amaitutakoan itzuliko da. 

Irailaren 1ean eta 2an bi film emanaldi izango dira Soreasu Antzokian, La conquista de Albania eta Lamerica; eta filmen inguruko solasaldia izango da ondoren, Morazaren eskutik.

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua Azpeitira iritsiko da irailean. Bake-ituna proiektua dela eta, hilaren 1ean eta 2an bi film emanaldi izango dira Soreasu Antzokian, La conquista de Albania eta Lamerica; eta filmen inguruko solasaldia egingo da ondoren. Ekitaldi nagusia, berriz, zapatuan, irailak 3, izango da, Nuarben. Juan Luis Moraza artista eta eskultore gasteiztarrak zuzendutako Tug of war [gerrako tiraldia] ekitaldia egingo da bertan, 12:00etan, Olaetxe zelaian; eta aurretik Nuarbeko Sokatiraren Museoa bisitatzeko aukera izango da. Azpeitiko udaletxean izan da gaur Moraza, bere proiektua aurkezten, beste hainbat eragilerekin batera. Josu Labaka Azpeitiko Udal zinegotzia, Pablo Berasategi Donostia 2016ko burua, Pedro Romero Bake Ituna proiektuko arduraduna eta Sonia Vazquez Azkoitiko Udal zinegotzia ere bertaratu dira. Morazaren lanarekin batera,  Azkoitian egingo den Mitra Farahani artista irandarraren erakusketa ere aurkeztu dute bertan.

Gerra, bakea, gatazka, bizikidetza eta elkarlana. Horiek dira, besteak beste, Morazak Tug of war ekitaldiaren bidez landu nahi dituen edukietako batzuk. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren proiektuetako bat  da Bake-ituna, gerra eta haren ondorioak ardatz dituena; eta haren barnean dago Tug of war ekitaldia kokatzen den Aldiriak saila. Sail bereko beste erakusketa bat, Mitra Farahani artista irandarraren Le recyclage moderne des enfants sacrés, haur soldaduen sakrifizioaren inguruko lana, Azkoitian egongo da ikusgai. Ama Birjinaren Jasokundeko parrokian jarriko dute erakusketa, irailaren 10etik urriaren 16ra bitartean.  

Elkarlana izan da, Morazak aurkezpenean azaldu duenez,  ekitaldia prestatzeko beharrezko osagaia. Azpeitiko, Azkoitiko eta Beizamako Udalek, Azpeitiko Paradisu Zinemak,  Nuarbeko eta Mutrikuko Sokatira Taldeek eta Azkoitiko Ama Birjinaren Jasokundeko parrokiako arduradunek lagundu dute, besteak beste, Aldiriak saileko bi proiektuak antolatzen. Berastegiren ustez,  aberasgarria izan da eragile guzti horien arteko elkarlana: “Donostia 2016 harremanik izan ohi ez duen eragileekin ari da lanean, Nuarbeko Sokatiraren Museoarekin, adibidez; eta horri esker harreman berrien sare bat sortu da”.

Josu Labaka Azpeitiko Udal zinegotziaren ustez “garrantzia handia” du bakearen gaia jorratzeak, “bakea denon ahotan dabilen hitza delako, baina, aldi berean, lortzen zaila”. Bakea kulturaren bidez interpretatzen saiatzea, eta gaia ikuspegi kritiko batetik lantzea “bereziki interesgarria” dela gaineratu du zinegotziak.  Bestalde, Morazaren ekitaldia auzotarrek Nuarbeko Sokatiraren Museoa eraikitzeko egin zuten lanaren aitortza ere badela uste du. 

Sokaren hariak desegiten

“Baskeria eta zibilizazioaren arteko talka” da Soreasu Antzokian emango diren bi filmen gai nagusia, Morazaren arabera.  Artista gasteiztarrak berak aukeratu ditu bi ikus-entzunezkoak, eta berau izango da filmen ondorengo solasaldiaz arduratuko dena.

 Lotura estua dago, Morazaren ustez, bi filmen eta Tug of war lanaren artean. Morazak sokatira proba berezi bat prestatu du Nuarben egiteko: Mutrikuko eta  Nuarbeko sokatira taldeetako kideak sokaren hari-muturrak askatzen joango dira, ikusleen laguntzaz, soka desegin arte. Horren bidez, soka “parte-hartzearen sinbolo” bihurtu nahi du Morazak: “Hari asko eta oso hauskorrek, elkarri lotuta, soka indartsu bat osatzen dute”. 

Sinbolismoa izango du ardatz Nuarbeko ekitaldiak. Sokatira borroka bat bezala ikusten du artista gasteiztarrak, “etsaiaren lurraldea konkistatu nahi delako”. Baina, aldi berean, sokatiran hitzarmen bat behar  dela uste du: “Jokatu ahal izateko, beharrezkoa da adostasuna, jokoaren arauak onartzea”. 

Autobusa egongo da zapatuan Nuarbera joateko: 10:40ean abiatuko da Anbulatoriotik, eta ekitaldia amaitutakoan itzuliko da. Ekitaldia prestatzen lagundu duten erakunde guztiek, eta Morazak berak, "azpeitiar guztiak" gonbidatu nahi izan dituzte bertan parte hartzera. 

Uztarriak Juan Luis Moraza elkarrizketatu zuen duela bi aste Tug of war lanaren inguruan. Irakurri elkarrizketa osorik, hemen