Espainiako bandera jarri dute udaletxean, "EAEko Auzitegi Nagusiak behartuta"

Uztarria.eus 2016ko abu. 24a, 11:35

Azpeitiko Udalak Espainiako bandera jarri du udaletxeko fatxada nagusian, beste lau banderarekin batera: Azpeitikoa, Gipuzkoakoa, ikurrina eta Europakoa. Udalak azaldu du "bere borondatearen aurka" hartu duela erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren "sententzia irmoak behartuta". Auzitegiaren epaiaren arabera, Espainiako bandera jarri ezean, Azpeitiko Udalak "isun esanguratsua" jasoko du, eta horrez gain, alkatea inhabilitatuko dute. 

2012an jakinarazi zion Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Carlos Urkijok Azpeitiko Udalari udaletxean Espainiako bandera jarri beharra zuela. Udalak jakinarazpen haren aurka helegitea jarri zuen; eta 2015eko otsailean iritsi zen behin betiko ebazpena, Espainiako bandera udaletxean jartzeko aginduz.