Errespetua

Jabier Altuna Azpeitiko EAJren izenean 2016ko abu. 3a, 13:39

Azken egunetan San Inazioen atarian zezenketen aurka egindako erakusketaren inguruan herrian izan dugun ika-miken harira, gustatuko litzaiguke hausnarketa hau plazaratzea.

Gure babes osoa eman nahi diogu Mikel Ibarzabal zinegotziari. Herri ordezkari bat da eta errespetu osoa merezi du. Gainera, gai honetan, eta argazki hartako galderari erantzunez, gu ordezkatzen gaituela esan nahi dugu.

Alkateak errespetua eskatu du berarentzat. Ados. Bakarrik esan, guk, gure zinegotziek, beste batzuetan, errespetu falta handiago eta irudi pertsonalaren erabilpen okerragoak izan direnean ere, babes bera nahi izan dugula alderdikerien gainetik guztiona behar lukeen alkatearen aldetik, baina ez dugula lortu.

Horren harira, egun hauetan jendea lurpera bidaltzeko eskatuz kalean ikusi ditugun eta udalak kenduarazi ez dituen pankartak errespetuzkoak al dira? Zer giro zabaltzen du udalak mezu hori, astebete pasatuta, plaza erdian kendu gabe utzi duenean? Inbutuaren legea...

Herritar guztiok, zezen-zaleek, kristau sinesmena dutenek, pentsaera politiko desberdinetakoak garenok... isekarik eta irainik gabeko festak pasatzeko eskubiderik ba al dugu? Ala batzuek bakarrik?

Aurrerantzean, eta ikusitakoa ikusi ondoren, edonork antzerako errespetu falta bat jasango balu, antzerako babesa eman diezagula eskatzen diogu.