Abian da santioetako asteburu luzea

Uztarria.eus 2016ko uzt. 23a, 23:47

Festa usaina hasi da hedatzen Azpeitian. Atzoko bertso-txotxaren eta bandaren pasodobleen kontzertuaren ondoren, gaur eguerditik gauera bitartean luzatuko da Marea Arroxaren indarraz, denak etxera egunaren egitaraua, astelehenean Santio egunarekin bukatuko den asteburu luzearen lehen eguna.

Eguerdian, Kimura judo klubekoek kioskoan egin behar izan dute erakustaldia, euriagatik. Euritan hasi da, era berean, arratsaldeko karting erakustaldia; baina horiek zorte hobea izan dute eta laster atertu du, eguzkiari tokia egin eta bidea ere lehortzeraino. Proba nagusian, KZ2an, azpeitiarrek osatu dute podiuma: Iñaki Aiertza izan da irabazlea, Josu Beristain bigarren eta Arkaitz Albizuri hirugarren. X30 mailan, German Cabrera (Uharte, Nafarroa) izan da aurrena, eta haren atzetik sailkatu dira Asier Mentxakak bilbotarra eta Carlos Alberto Soares, Lekeition bizi den argentinarra. Gidari gaztetxoen artean, azkenik, kimuetan bi gidarik hartu dute parte: Urko Landak (Alegia, Gipuzkoa) egin du denborarik onena, Gorka Romanen (Urduliz, Bizkaia) aurretik; eta kadete mailan Alegiko Iraitz Landak irabazi du, Zigor Etxeberria urrestildarra izan da bigarrena, eta hirugarrena Mikel Guridi oñatiarra.

19:30ean egin da, plazan hasi eta bukatuz, manifestazioa. Festatan ere euskal preso, iheslari eta deportatuak etxean zioen pankartaren atzetik dozenaka lagunek osatu dute ibilbidea. Bukaeran, Azpeitiko preso, iheslari eta deportatuen senideak kioskora igo dira eta han aurreskua dantzatu diete. Ondoren, plazan bertan, luntxa izan dute.

Gaur arratsaldean ireki ditu ateak Uztarriaren aurtengo festetako tonbolak ere. Bihar, etzi eta saninazioetako egun guztietan ere irekita izango da, Goikokalen.

Ezten eta Ingo al Deu? taldeek 23:00etatik aurrera Perez Arregi plazan emango dituzten kontzertuekin itxiko da uztailaren 23koa.

Bihar, Umeen Eguna

Hau da iganderako prestatu duten festa egitaraua:

  • 10:00. Goiz eresia, Juan Antxieta Musika Eskolako txistulariekin eta Banda Gaztearekin.
  • 11:00. Umeen meza nagusia, Juan Antxieta Musika Eskolako abesbatzarekin, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.
    Ondoren, parrokiatik abiatuta, erraldoien desfilea kaleetan zehar. Herri hauetako erraldoiek hartuko dute parte: Bergara, Azkoitia, Hondarribia, Zarautz, Elgoibar, Iruñea (lau talde: Txantrea, Errotxapea, Buztintxuri eta Alde Zaharra), Urduña, Donostia (bi talde: Añorga eta Irrintzi), Urnieta eta Azpeitia.
  • 12:00. Haurrentzat dantzak, plaza Nagusian.
  • 12:30. Erraldoien dantza saioa eta sari banaketa, plaza Nagusian.
  • 14:00. Herriko haur eta gaztetxoentzat bazkaria, jarraian jolasak.
  • 16:00. XXXVI. Ignazio Deuna Saria, Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Irteera: Perez Arregi plaza. Kategoria: kadeteak.
  • 17:00. Kalejira Alde Zaharreko kaleetan zehar.
  • 19:00. Antzerki emanaldia ingelesez, 3 urtetik 8 urte bitarteko haurrentzat, Sanagustinpean.
  • 23:00. Funkdamental eta Marmok taldeen emanaldia, plaza Nagusian.