'Azpeitia Experience' jarri dute abian, turismoari bultzada emateko helburuarekin

Uztarria.eus 2016ko uzt. 15a, 20:22
Ezkerretik hasita, Azpiazu, Aitor Unanue (Lagun Onak MBko lehendakaria), Lizarralde, Etxeberria, Mendizabal, Gibert eta Izagirre, Madalenan.

Azpeitian turismo arloan egiten diren ekimenak marka horren pean jaso nahi ditu Udalak. "Inaziotar guneak" ezagutarazteko hiru gida turistiko jarriko dituzte martxan. Egitasmoarekin, "turistak Loiolatik Alde Zaharrera gertutatzea eta herriko ondare kulturala eta naturala balioan jartzea" nahi du Udalak. 

San Inazio hezi eta erlijioso bihurtu zen guneak hobeto ezagutzeko hiru ibilbide turistiko jarriko dituzte abian. Azpeitia Experience markaren pean bildu dituzte ibilbide horiek. Udalak azaldu duenez "Azpeitian turismo arloan egiten diren ekimenak marka horren pean jaso nahi dira hemendik aurrera".

Gaur, ostirala, aurkeztu dute lehen ibilbidea eta Azpeitia Experience marka, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Agustin Lizarralde zinegotziak, Jose Mari Gibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak, Miren Mendizabal Madalenako eraikinaren arduradunak, Jose Mari Azpiazu markaren egileak eta Josu Izagirre Lagun Onak Mendi Bazkunako kideak. 

Ibilbide turistikoek bi helburu dituztela azaldu du Agustin Lizarraldek: "San Inazioren bizitzari loturiko kokaleku eta elementu ezberdinak biltzea, bere historia hobeto ezagutzeko, eta Azpeitiko mendi eta ondare naturalaz gozatzea".

Gidak sortzearen ideia Jose Mari Gibertena izan zen, eta ondoren Azpeitiko Udalari aurkeztu zion proiektua, jende asko Inaziotar Bidea egiten ari zela ikusita: "Jende asko Inaziotar Bidea egiten ari zela konturatuta nengoen, baina San Inazioren bizitza eta hemengo inguruak ezagutu gabe. Horregatik, San Inaziorekin lotura zuten hiru ibilbide zirkularren proiektuarekin txosten bat osatu nuen, Inaziotar guneak hobeto ezagutarazteko", azaldu du Gibertek. Udalak proiektuarekin aurrera egitea erabaki zuen, eta "eskerrak" eman dizkio Gibertek Udalari, "proiektua aurrera ateratzeagatik".

Eneko Etxeberriak, bere aldetik, eskerrak eman dizkio Jose Mari Giberti egitasmoaren oinarriak jarri izanagatik. Inaziotar Bideaz aparte, Inaziotar guneak ezagutarazteko proiektua turistak Loiolatik Alde Zaharrera gerturatzeko Udalak "sortutako estrategia propioa eta lokala" dela adierazi du alkateak, eta "Udalak turistak gerturatzeko martxan jarritako estrategiaren baitan pauso bat gehiago" dela. Horrez gain, "gakoa da bisitariek Azpeitian ahalik eta denbora gehien pasatzeko ekimenak edo esperientziak eskaintzea" esan du. Horrela, landuko diren arloetan herri-saretzea eta une honetan bisitari gehien ekartzen dituen Inaziotar-bidea azpeitiartzeko apustua nabarmendu zituen.. 

Ibilbidearen xehetasunak

Etorkizunean hiru ibilbide osatu nahi badituzte ere, oraingoz ibilbide bakarra dago abian, eta uztailaren 23an, zapatua, egingo dute aurreneko bisita gidatua. Madalenan hasi eta Loiolatik, Oñaztik, Urrestillatik eta Eizmenditik pasatu ondoren, Madalenan amaituko da. "Ibilbidea teknikoki erraza" dela esan du Josu Izagirre Lagun Onak Mendi Bazkunako kideak. Izagirre arduratu da hura zehazteaz eta prestatzeaz. "Proiektuaren berri eman zidatenean, berehala irudikatu nuen zein izango zen ibilbidea. Igarobideak nola zeuden ikustera joan nintzen orduan, eta horrela jakin nuen zein egoeratan aurkitzen ziren", azaldu du. Behin lan horiek bukatuta, bidea egin zuen oinez, eta GPSarekin grabatu zuen ondoren. Dagoeneko deskargatu daiteke ibilbidea, Udalaren azpeitia.eus webgunean.

Guztira 21 kilometroko ibilbidea da, eta punturik altuena 500 metro inguruan kokatzen da. "San Inazioren bizitzaren inguruko hainbat leku ikusteaz gain, beste erakargarritasun batzuk ere baditu, herriko beste txoko batzuetatik ere igarotzen delako", esan du Izagirrek.

Esperientzia oinarri duen marka

Turismo arloan Udalak "baliabide propioak jartzeko apustua egiteko unea" dela adierazi du Agustin Lizarralde Udaleko turismo zinegotziak, eta horretara dator Azpeitia Experience. Jose Mari Azpiazu da markaren egileetako bat, eta irudiaren eta leloaren inguruko xehetasunak azaldu ditu. "Gure ardura zen marka bat egitea, eta marka horrek zentzua izateaz gain, etorkizunera begirako helburu estrategikoetan lagundu behar zuen", azaldu du Azpiazuk.

"Esperientzia" hitza da markaren oinarria, eta lau irizpide izan dituzte kontuan markari izena jartzerako garaian. "Azpeitiak bere barruan esperientzia asko jasotzen ditu eta, aldi berean, Azpeitia bera da esperientzia. Azpeiti barruan mota ezberdinetako esperientziak bizi daitezke eta, turistei dagokienez, esperientzia horiek oso lotuta daude erlijioarekin, Loiolako Inaziok izan zuen oihartzunagatik. San Inaziok asko hitz egiten zuen esperientziez, eta bestalde, esperientziak historia jasotzen du. Horregatik izena", sakondu du Jose Mari Azpiazuk.

Irudiari dagokionez, zuhatz baten enborra aukeratu dute,  Azpeitiko natur ondarearen ikur eta erakusle gisa. Azpiazuren esanetan, "estetika baino gehiago" eragina zen irudiarekin bilatu nahi zutena. Markaren egileak ere "eskerrak" eman dizkio Udalari, eurekin izandako konfiantzagatik.