Kalteak eragin dizkiete Madalenan aparkatutako hainbat ibilgailuri

Uztarria.eus 2016ko eka. 30a, 19:05

Damasoneko zubiaren eta Madalenako Ospitalearen bitartean ibai ondoan elkarren segidan aparkatutako hainbat ibilgailu atzerako ispiluak eta kristaletako garbigailuak, besteak beste, txikituta zituztela aurkitu dituzte gaur goizean. Udaltzaingoaren arabera, 06:50 aldera inguru hartatik igarotzerakoan jabetu dira udaltzainak txikizioekin; sei ibilgailu zeuden kaltetuta ordu horretan. "Ikerketa zabalik" dutela eta "lekuko bila" ari direla adierazi dio Udaltzaingoak Uztarriari eta, norbaitek gertatutakoaz zerbait jakinez gero, haiekin harremanetan jartzea eskatu dute.

Argazkiko autoaren jabearen deia jasota izan du Uztarriak gertatutakoaren berri. Bere kotxea goizean txikitu dutela adierazi du: bi aldeetako atzerako ispiluak eta aurreko eta atzeko kristaletako garbigailuak puskatu dizkiote kotxeari. Ibilgailuak lau hilabete ditu eta gaurkoa toki berean kalteak eragin dizkioten bigarren aldia izan da.