Zapatuan hasiko da Azpeitia Dantzan egitasmoa

Uztarria.eus 2016ko eka. 30a, 15:17

Lau emanaldi eskainiko dituzte zapatuan hasi eta uztailaren 16ra bitartean. Sahatsaren ikuskizuna izango da aurrena, eta igandean, Dikothomia Cia-ren emanaldia izango da. Saloiko dantzen erakustaldia eta Itsasi Dantza Taldearen ikuskizuna ere izango dira hurrengo asteetan. 

Datorren zapatuan, uztailaren 2an, hasiko da aurtengo Azpeitia Dantzan egitasmoa, eta gaur, osteguna, aurkeztu dute egitaraua. Azpeitia Dantzan "Herriko taldeek egindako lanaren emaitza" dela esan du Josu Labaka Kultur zinegotziak eta herriko kultur mugimendua "osasuntsu" dagoenaren seinale dela hori. Gainera, halako egitasmoak etorkizuneko kultur transmisiorako ere "garrantzitsuak" direla adierazi du.

Guztira lau emanaldi eskainiko dituzte aurten, eta datorren zapatuan emango diote hasiera egitasmoari Sahatsa Dantza Taldekoek. Igandean, uztailak 3, izango da hurrengo zita, Dikothomia Cia taldearen eskutik. Uztaialren 10ean, igandea, Saloiko dantzen erakustaldia izango da, Jose Mari Orbegozok zuzenduta. Azken eta laugarren emanaldia Itsasi Dantza Taldeak eskainiko du, uztailaren 16an.

Sahatsa Dantza Taldearen emanaldia

Azpeitia Dantzan egitasmoan parte hartzeaz gain, Sahatsa Dantza Taldeak 40. urteurrena ospatuko du zapatuan. 19:30ean hasita, herriko kaleetan ibiliko dira Sahatsako dantzariak, herriko hainbat guneetan geldiunea egin eta ezpata dantza eskainiz. "Berezitasun bezala, aurten XVIII. mendeko lau ilarako ezpata dantza egingo dugu. Ezpata dantza Gipuzkoan oraindik oso ezaguna bada ere, lau ilarako ezpata dantzaren tradizioa galtzen joan da urteak aurrera joan ahala, eta hori berreskuratu nahi dugu", azaldu du Maite Bereziartua Sahatsako kideak. Ordubete inguruko ikuskizuna izango dela azaldu du Bereziartuak.

Spazi...O: Dantza, antzerkia eta zirkoa

Igandean, uztailak 3, Dikothomia Cia taldearen eskutik Spazi...O ikuskizuna izango da, Plaza txikian, 19:30ean hasita. "Zirkua, dantza garaikidea eta antzerkia uztartuko dituen emanaldia izango da, zertxobait berriagoa", azaldu du Aitor Bengoetxea Sanagustin Kooperatibako koordinatzaileak.

Saloiko dantzen erakustaldia

Jose Mari Orbegozok zuzenduta, Saloiko Dantzen erakustaldia izango da uztailaren 10ean, 20:00etatik aurrera Soreasu antzokian. Orbegozok azaldu duenez, 200 pertsonatik gora, izango dira ikasturtean zehar ikasitakoa erakusten: "Ume, gazte zein helduk hainbat dantza eskainiko dituzte: cha cha cha, merengue, bachata, rock, vals eta rumba, besteak beste".

Xabier Salbias ere igoko da oholtzara, eta kantuan arituko da Orbegozok dantza egiten duen bitartean. "Xabier Saldiasen zuzenekoaz gain, bada beste berrikuntza bat aurten. Izan ere, Xabier Elosegirekin batera aurkezle lanetan arituko da Silvia Gambino, LQSAko aktorea", azaldu du Orbegozok. Sarrera doakoa izango da.

Itsasiren ikuskizuna: Bagare

Uztailaren 16an, zapatuan, eskainiko du Itsasi Dantza Taldeak Bagare dantza ikuskizuna Soreasu antzokian, 22:00etan hasita. "Bi zati izango ditu ikuskizunak. Aurrenegoan, Arabako gune ezberdinetako dantza izango dira ikusgai. Bigarren zatian, aldiz, euskal dantzen pausu batzuk oinarri, Itsasik asmatutako hainbat dantza eskainiko ditugu", azaldu du Leila Iraola Itsasiko kideak.