Onik daude atentatuen unean Istanbuleko aireportuan ziren bi azpeitiarrak

Urola Kostako Hitza 2016ko eka. 29a, 14:48
Urtzi Oteiza eta Janet Uzkudun, beraiek bidalitako argazkian, Istanbuleko Ataturk aireportuan.

Janet Uzkudun eta Urtzi Oteiza Kuala Lumpurrera joateko eskala egiten ari ziren Istanbuleko Ataturk aireportuan atzo gauean. Oteizak esan duenez, "izualdia pasatuta, onik" daude; "hemendik alde egiteko gogoarekin".

Atzo gauean Istanbuleko Ataturk aireportuan ziren bi azpeitiar atentatuaren unean. 22:00ak aldean hiru leherketa eta tiroketa bat gertatu ziren aireportuaren aparkalekuan eta sarrerako terminalean, eta zaurituak 240 bat direla eta gutxienez 41 pertsona hil direla zabaldu dute zenbait hedabidek. Urola Kostako Hitzak Kuala Lumpurrera (Malaysia) joateko zortzi orduko eskala Istanbulen egiten ari ziren bi azpeitiarrekin, Janet Uzkudunekin eta Urtzi Oteizarekin, hitz egin du. Oteizak esan duenez, "izualdia pasatuta, onik" daude; "hemendik alde egiteko gogoarekin".

Leherketen ostean, aireportua eta inguruak itxi egin zituzten soldaduek eta poliziek, eta hegaldiak eten. Anbulantzia ugari joan zen aireportura, eta zauritu asko taxietan eraman zituzten ospitaleetara. Gaur goizean irekitu dute aireportua berriz, hegaldi gutxi batzuekin. Orain, aireportuan dira bi azpeitiarrak, arratsaldean baitute atzo hartu behar zuten hegaldiaren ordezkoa.

Honako loturan irakur daiteke Urola Kostako Hitzak jaso duen testigantza.