Iñaki Bergara 'Pio' aktorea hil da

Uztarria.eus | Kultura
2016ko eka. 22a, 11:55

Antzerkian, telebistan nahiz zineman egin zuen lan azpeitiarrak. Azpeitiko Udalaren Txalo saria jaso zuen 2011. urtean, eta urte berean argitaratu zuen Uztarria Komunikazio Taldeak Iñaki Bergararen liburuxka biografikoa.

Iñaki Bergara Txalo saria jaso zuenean. (Sanagustin kulturgunea)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Iñaki Bergara Izagirre Pio (Azpeitia, 1935) aktorea hil da gaur, asteazkena. Lehen antzezpena 25-30 urterekin egin zuen Bergarak, Ustekabeko poza antzezlanean. Azpeitiko Antxieta Antzerki Taldean hasi zuen antzerki ibilbidea ondoren, eta 22 urte inguru egin zituen bertan. Antxieta desegin zenean Lakrikun taldean hasi zen Bergara, eta orduz geroztik, antzerkiaren, telebistaren eta zinemaren munduan egin zuen lan.

Goenkale telesailean 1995. urtean hasi zen lanean, eta hamar urtez Kaxkurrioren paperean aritu zen, telebistan. Balbemendi saioan Lukasen lana egiteko aukera izan zuen 2006an, eta hiru urteren buruan, 2009an, Brinkola telesailean egin zuen lana. Euskolegasen ere agertu zen Bergara. Zineman, berriz, Topeka eta Ostertz laburmetraietan nahiz Aupa Etxebestefilmean hartu zuen parte azpeitiarrak.

Alkartasuna taldearen sorreratik, 30 bat urtez atera zen talde horrekin San Sebastian bezperako helduen danborradan. Udal korporazioan mazolari atera izan zen urte askoan, eta 2009an utzi zion irteteari.

Antzerki Topaketetako Txalo saria eman zion Udalak 2011n, eta Uztarria Komunikazio Taldeak Pioren liburuxka biografikoa aurkeztu zuen orduan.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu