Alde Zaharreko eraikinetako fatxadak eraberritzeko diru-laguntzak emango ditu Udalak

Uztarria.eus 2016ko eka. 15a, 13:45
Aitor Bereziartua eta Agustin Lizarralde zinegotziak. (Maialen Etxaniz)

Guztira, 60.000 euro bideratuko dituzte 10 urte baino gehiago dituzten eraikinen fatxadak konpontzera eta eraberritzera. Diru-laguntzak eskatzeko epea ekainaren amaieran zabalduko dute eta azaroaren 30ean amaituko da. 

Hamar urte baino gehiago dituzten Alde Zaharreko eraikinetako fatxadak margotzeko eta eraberritzeko diru-laguntzak emango ditu Udalak. Agustin Lizarralde zinegotziak azaldu duenez,"Alde Zaharrean itxura zaharkitua duten etxe asko daude" eta horiei itxura aldatzen "lagundu" nahi die Udalak, "Alde Zaharra biziberritzeko prozesuaren baitan". 

Honako lanak lagunduko dituzte diruz: fatxaden margoketa eta garbiketa lanak, balkoien mantentze, konpontze eta zurgintza lanak, teila hodien konponketak eta fatxadetako kableak kentzea edo ezkutatzea. 

Diru-laguntzak eskatzeko hainbat baldintza bete behar dira:

  • Eraikinak ezingo dira hondamen egoeran egon.
  • Eraikinek 10 urte baino gehiago izan beharko dute.
  • 50 urtetik gorako eraikinek Udalean aurkeztutako Eraikinen Ikuskapen Teknikoa (EIT) aurkeztu beharko dute.
  • Lanek Udal baimena izan beharko dute.
  • Eraberritze eta konponketa lanak fatxada osoan egin beharko dira.
  • Bide publikotik ikusi beharko dira konponduko diren fatxadak.
  • Aurrekontuaren %25a izango dira gehienez, baina 3.000 euroko muga izango dute.
  • Laguntzak, eskaera egin den urrenkera kronologikoan emango dituzte. Laguntza jasotzen dutenek hurrengo bost urteetan ezingo dute laguntza berriro jaso. 

Diru-laguntzak eskatu nahi dituzten herritarrek ekaineko azken astetik azaroaren 30era bitartean egin beharko dute eskaera. Neurri horiekin "Alde Zaharrari beste itxura egokiagoa ematea eta Alde Zaharra biziberritzea" nahi dutela adierazi du Aitor Bereziartua zinegotziak.