Ekainaren 5eko herri galdeketa

Ekainaren 5ean baiezko botoa emateko dei egin die gazteei Independentziaren Aldeko Asanbladak

Uztarria.eus 2016ko eka. 3a, 14:58

Igandean, ekainaren 5ean, Hitzartuk independentziaz egingo duen herri galdeketan gazteak baiezko botoa ematera deitu ditu Azpeitiko Independentziaren Aldeko Asanbladak. "Estatu independente bat nahi dugu eredu ekonomiko eta soziala aldatzeko; askatasunean, parekidetasunean eta elkartasunean oinarritutako jendarte batean bizi nahi dugulako", adierazi dute asanbladatik. Horregatik, dei egin diete "herritar guztiei, eta batez ere gazteei" independentziaren aldeko bozka emateko.

Azpeitiko Independentziaren Aldeko asanbladako kideen irakurketa:

Bai, Euskal Herria nazio bat da eta autodeterminaziorako eskubidea du. Bai, Euskal estatu independente bat nahi dugu. Eta bai, erabakitzeko eskubidearen aldarria bizitzako arlo guztietara zabaldu nahi dugu.

Egungo eredu kapitalista eta patriarkalak, herritarrak erabakiguneetatik ahalik eta urrunen nahi ditu, herritar izate hutsagatik erabakitzeko eskubidea dagokigun arren. Erabakitzeko eskubidea ariketa demokratikoa besterik ez bada ere, sistema eta sistemaren mantenuan poltsikoko interes gordinak dituzten horiek muturreko eraso gisa bizi dute, eta hala sentiarazi nahi dute jendartean: erabakitzea mehatxu bat bailitzan.

Baina guk garbi dugu, euskal estatu independente bateko herritar izan nahi dugu ez soilik horretarako eskubidea dugulako, baizik eta burujabetza eraikitzea errealitatea iraultzeko tresna delako. Estatu independente bat nahi dugu eredu ekonomiko eta soziala aldatzeko; askatasunean, parekidetasunean eta elkartasunean oinarritutako jendarte batean bizi nahi dugulako. Ez dugu nahi kapital finantzieroaren morroi izaten jarraitu. Egungo sistemak lan prekarioetara kondenatzen gaitu, eta hezkuntza, osasuna zein etxebizitza negozio bilakatu ditu. Estatu independente bat nahi dugu duintasunez bizi nahi dugulako, kalitatezko hezkuntza, osasunerako zerbitzuak zein etxebizitza edukitzea eskubideak direlako eta ez gutxi batzuen negozio. Finean, herri sektoreen eskubideak eta interesak bermatu eta defendatuko dituen euskal estatu independente bat nahi dugu.