Ume Egunarekin hasiko dira bihar Sanjuandegin Mantangorriren etorrera prestatzen

Uztarria.eus 2016ko mai. 27a, 20:17
XJ Auzolanean-eko kideak eta Sanjuandegiko bizilagunak, festen berri emateko egin duten prentsaurreko ondoko argazkian. (JULENE FRANTZESENA)

Ekainaren 3tik 5erako asteburuan izango dituzte festa ekitaldi nagusiak, baina aurreko eta ondoren asterako ere prestatu dituzte hitzorduak, egitarau luze bezain mamitsua osatuz. Berrikuntzen artean, ekainaren 4ko Auzo Egunean elegantez janzteko deia egin dute antolatzaileek, eta ekainaren 5eko herri galdeketarekin ere bat egingo dute jaiek. Bazkari eta afarietarako txartelak Izaro, Orkatz ta Jim Clark tabernetan egongo dira salgai.

Ekaineko lehen asteburuan ospatuko dituzte aurten Sanjuandegiko festak, baina bihar hasiko dira Mantangorriren etorrera girotzen, horretan emango dute datorren astea ere, eta festetako egitaraua ekaineko bigarren astebururaino luzatu dute. Hamar egun guztira, eta asko eta askotarikoak aukeran, Sanjuandegira joan eta ondo pasatu nahi duenarentzat. XJ Auzolanean taldeko antolatzaileek "auzotar eta herritar denei" egin diete festetan parte hartzeko deia, "eta bide batez zapi, maindire eta nikiekin auzoa alaitzeko. Festa euskaldun, parekide, parte-hartzaile, jasangarri batzuen alde... Ondo pasatu Sanjuandegiko festak eta parte hartu!".

Bihar, zapatua, Umeen Egunarekin zabalduko dute aurtengo egitaraua. 200 ume inguruk eman dute izena eta haientzako jolasak, bazkaria eta ikuskizunak prest dituzte. Eguna bukatzeko, Sanjuandegitik erdigunera kalejiran etorriko dira, ekainaren 5eko herri galdeketari begira egingo den lipdubean parte hartzeko.

Maiatzaren 31tik ekainaren 2ra, berriz, iluntzero izango da ekitaldiren bat Sanjuandegin: antzerkia, bertso afaria, mus txapelketa, musika... Eta ostiral arratsaldean, herri galdeketaren aldeko mosaikoa osatu eta gero, Mantangorriren jaitsierarekin hasiko da hiru eguneko festa potoloa. Ekainaren 3an Gazte Eguna, 4an Auzo Eguna eta 5ean, aurten, Herri galdeketa Eguna ospatuko dituzte. Berrikuntzen artean, ekainaren 4an elegantez janzteko deia egin dute antolatzaileek eta, ekainaren 5eko herri galdeketarekin bat eginez, goiz horretan 08:30ean gaupaseroen argazkia atera ondoren kalejiran bozkatzera joateko gonbita ere luzatu dute.

Festa egunetan egingo diren bazkari eta afarietarako txartelak Izaro, Orkatz ta Jim Clark tabernetan egongo dira salgai.

Egitaraua

Maiatzak 28, zapatua. Umeen Eguna

  • 11:00. Egunaren hasiera.
  • 11:30. Jolasak.
  • 13:00. Bazkaria.
  • 16:00. Ekain-Txou ikuskizuna.
  • 17:00. Kalejira plazara! (E5erako lipdub-aren grabaketara).

Maiatzak 31, asteartea

  • 21:00. Antzerkia, Xanti Agirrezabalaren eta Telmo Iruretaren eskutik, Izaro aurrean (zeinu bidezko itzulpena egongo da).

Ekainak 1, asteazkena

  • 21:00. Bertso afaria, Unai Agirrerekin eta Maialen Lujanbiorekin, Baigera II-n.

Ekainak 2, osteguna

  • 19:00. Pintxo-poteoa.
  • 21:00. Iluntze musikatua: Atropa Belladone eta Lain, Garoa eta Jim Clarck kanpoan.
  • 22:00. Mus Txapelketa, Ongi Etorri erretegian.

Ekainak 3, ostirala. Gazte Eguna

  • 09:00. Gosaria eta auzolana.
  • 18:30. Herri galdeketaren aldeko mosaikoa.
  • 19:00. Ongi etorri, Mantangorri!
  • 19:05. Erraldoien kalejira, musika eskolako trikitilariekin.
  • 21:00. Gazte afaria.
  • 22:00. Aretoko dantzak Jose Mari Orbegozorekin eta sabel dantza.
  • 23:00. Kontzertuak: Ezten, The Friday's Crew eta Erokomeri.
  • 02:00. Herriko DJ-ak txosnan: Xugua, Josu_u eta Hussabier.

Ekainak 4, zapatua. Auzo Eguna

  • 10:00. Judo erakustaldia.
  • 12:30. Bandaren kontzertua.
  • 14:00. Triki-pintxo-poteo elegantea.
  • 15:00. Auzo bazkaria.
  • 17:00. Auzoko IV. Trikiti Txapelketa.
  • 19:00. Buruhandiak eta RKR elektrotxaranga.
  • 21:00. Parrillada.
  • 21:00. Kontzertua karpan: Marmok (instrumentala).
  • 23:00. Kontzertuak: Autobus Magikoa eta Arkada Social.
  • Karpan gaupasa, DJ Elepunto.

Ekainak 5, igandea. Herri galdeketa Eguna

  • 05:00. Guatekea.
  • 06:00. Goxatu txokolateaz!
  • 08:00. Astindu gorputzak zumban!
  • 08:30. Gaupasero argazkia eta kalejira bozkatzera!
  • 09:00. Salda badago!
  • 12:00. Dantzari txikiak.
  • 16:00. Zezen txikiak.
  • 18:30. Herri kirolak.
  • 20:00. Agur Mantangorri!

Ekainak 10, ostirala

  • Zinea aire librean: Pippi Langstrumpf.

Ekainak 11, zapatua

  • 11:00. Txirrindulari proba.

Ekainak 12, igandea

  • 11:00. Sahararen Aldeko II. Lasterketa Solidarioa.