1960-2014 tarteko giza eskubideen urraketen ikerketaren agiri guztiak Udalaren esku utzi ditu Aranzadik

Uztarria.eus 2016ko mai. 27a, 20:58
Javi Buces, Eneko Etxeberria eta Paco Etxeberria, gaurko agerraldian.

Dokumentazio guztia udal artxiboan gorde dute eta datuak kontsultatzeko prozedura jarri dute martxan. "Zabalik dagoen ikerketa" dela nabarmendu du Eneko Etxeberria alkateak, "norbaitek kasuren baten inguruko informazioa edo dokumentazioa jaso nahiko balu, oraindik egin dezake".

Aranzadi Zientzia Elkarteak bi urtez egindako ikerketaren ostean, Azpeitian 1960 eta 2014 bitartean izandako giza eskubideen urraketen gaineko ikerketaren dokumentazio osoa Azpeitiko Udalaren esku utzi du. Agiri horiek guztiak udal artxiboan gorde dituzte eta horren berri eman dute gaur, ostirala, Eneko Etxeberria alkateak, Paco Etxeberria Aranzadiko lehendakariak eta Azpeitiko ikerketaren ardura izan duen Jabi Buces zientzia elkarteko historialariak.

Iaz, ikerketa horretako hainbat datu aurkeztu zituzten; orain, datu horiek zuzenduta eta digitalizatuta artxibatu dituzte, ikerketa egitean bildutako hainbat adierazpenekin batera. Datuetara jotzeko, kontsulta prozedura bat jarri dute martxan: "Oso gai konplexua izanik, datuak kontsultatzeko kontsulta prozedura bat sortu dugu, testigantzen konfidentzialtasuna zaindu behar baita", azaldu du Jabi Buces, ikerketa aurrera eraman duen Aranzadiko historialariak. Horrez gain, azpimarratu du, beste hainbat instituziok ere kontsulta prozedura hori izateko eskatu dietela.  

Ikerketa egiteko, 150 pertsona identidikatu dituzte eta guztira 14 elkarrizketa egin dituzte. Honako hauek dira identifikatu dituzten urraketa motak eta horiei lotutako herritar kopurua: 

  • Bizitza-eskubidearen aurkako urraketak: 13
  • Ikerketzen ari diren hilketak: 2 (Dionisio Aizpuru eta Pedro Mari Isart)
  • Osotasun fisiko, psikiko edo moralaren aurkako urraketak: 83
  • Herritarren aurka egindako mehatxu larriak: 19
  • Herritarren aurka egindako estortsio ekonomikoa: 5
  • Beste sufrimendu batzuk: 3
  • Gaur egungo urraketak, dispertsatutako presoak: 3

Hainbat datu bildu eta jaso badituzte ere, zabalik dagoen ikerketa dela azaldu du Eneko Etxeberria alkateak: "Zabalik dagoen ikerketa bat da hau. Norbaitek kasuren baten inguruko informazioa edo dokumentazioa jaso nahiko balu, oraindik egin dezake". Bestalde, ikerketaren garrantziaz mintzatu da alkatea: "Ikerketa honen atzean historia gogorra, beltza eta sakona dago. Historia horretan azpeitiarren aurkako giza eskubideen urraketak ere izan dira eta horiek bildu beharra dago egia osoa jakiteko". "Gu ez gara demagogoak, badakigu giza eskubideen urraketa guztiek ez dutela intentsitate berdina, baina ez gara arduragabeak mota bateko urraketak soilik egon direla esateko, hilketak bakarrik izan direla esateko", gaineratu du Eneko Etxeberriak. Horren harira esan du, ikerketa honek erakusten duela "gatazkaren sakontasuna". 

Udalak bi konpromiso hartuko dituela ere esan du alkateak. Alde batetik esan du,"izan dira urraketa batzuk justizia formalera sarbiderik izan ez dutenak, Angel Otaegiren sumarioa kasu. Horregatik, horrelako kasuek justiziara sarbidea izan dezaten, lan egiteko konpromisoa hartzen du Udalak". Bestetik, Udalak gaur egun gertatzen diren eta gertatzen ari diren giza eskubideen urraketak gertatu ez daitezen, neurriak hartzeko konpromisoa hartzen duela esan du Eneko Etxeberriak.  

Iraganaz gain, oraina 

"Hemendik urte batzuetara berandu ez izateko", oraina ikertzeko unea orain dela esan du, bere aldetik, Paco Etxeberria Aranzadiko lehendakariak. "Gu orain dela 16 urte hasi ginen memoria historikoa lantzen eta gure ondorik hasi ziren instituzioak horren bueltan lanean, berandu", adierazi du. Horregatik, oraina lantzea iragana lantzea bezain garrantzitsua dela esan du, memoria historikoaren denbora lerro guztia.