Mendietako gurutzeak

Joxe Mari Gorrotxategi (Izarraizpeko baserritarren izenean) 2016ko mai. 27a, 12:34
Hamaika ikustekoak jaioak garela esaten da, munduan ez ezik gure inguruan ere gertatzen diren gauzak ikuspegi zabalagoarekin edo harridura gutxiagorekin ulertzeko asmoarekin. Zenbait albisteren aurrean ere esaera hori hartzen dugu gaia aztertu ondoren amaitutzat emateko. Esaera hori bera erabili beharrean aurkitzen gara orain denbora bat \'Gurutzeak, isilguneak eta komentuak\' (http://uztarria.eus/komunitatea/InakiSegurola/1458229887) izenburuarekin argitaratu zen nahaste-borrastez beteriko gutun baten aurrean. \ \ Xoxoteko San Inazioren irudiak, gure mendietako gurutzeek eta Loiolako lorategiaren zati bat ixteak egonezina sortzen dio idatzi duenari; are gehiago jasanezinak zaizkio, batez ere, "sekta baten sinbolotzat" hartzen dituen gurutzeak. Gutariko askoren fedearen ikurra dena sekta bilakatzen du, eta "gurutze horiek jarri zituenak ken ditzala behin eta betiko, eta utz ditzala gure mendiak garbi eta sinbolo hiltzailerik gabe" agindu nahi du. Bera ote gure aurreko belaunaldietako herritar eta auzotar askoren ahaleginekin Euskal Herriko mendietan jasotako gurutzeak orain kentzea inposatu nahi diguna? \ \ Gure mendi gailurrak eta bertako gurutzeak urteetako historiaren lekuko ditugu, sentimenduekin eta ahaleginekin eraikiak. Gurutze horien inguruan erromeriak, elkarretaratzeak, askatasun aldarrikapenak eta maite izan ditugun senide eta lagunen errautsak haizeratu izan ditugu. Bakoitzak pentsa eta sinets dezala nahi duena, baina gutxienez bestearekiko errespetua. Ez dugu nahi taliban jarrerarik, ez hemen eta inon.