Asilo-eskatzaileak itzultzeko eta kanporatzeko Europar Batasunaren eta Turkiaren arteko akordioa indargabetzea eskatzeko mozioa

Uztarria.eus 2016ko mai. 4a, 20:01

Aho batez onartutako mozioa, osorik.

"Nazioarteko erakundeek zabaldutako datuen arabera, munduan 60 milioitik gora pertsona desplazatuta bizi dira, gerrek, barne-gatazkek, eta, gero eta gehiago, klima aldaketaren eraginek areagotutako pobrezia egoerak direla-eta.

Nagusiki Siriako gerrak eragindako larrialdi-egoerari aurre egiteko, milaka eta milaka pertsona Europar Batasunera iritsi dira laguntza eske. Asko eta asko Mediterraneoan hil dira, Europaren aldean, herriak batu beharrean, hobi komun erraldoi bihurtu den itsasoan, Europar Batasunak hegoaldeko ertzean bultzatutako politiken ondorioz, neurri handi batean.

Europar Batasuna, eta estatu kideak bereziki, eskas ibili dira ez dutelako "bide segururik" ezarri, ezta pertsonak salbatzeko behar diren bitartekoak ere; gainera, asilo-eskatzaileak birkokatzeko kupoak ere ez dituzte bete, eta Turkiarekin akordio lotsagarri bat sinatu dute pertsonak itzultzeko; Giza Eskubideak bermatzeko gauza ez den Estatu bat ez da inoiz segurua izango gatazka-eremuetatik ihesi dabilen jendearentzat.

Horregatik uste dugu ezinbestekoa dela pertsonen joan-etorri askerako eskubidea berriz ere indarrean jartzea. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 13. artikuluan ezarritakoa betez, Eskubide humanitarioetan oinarritutako harrera-politikak abian jarri behar direla uste dugu; baita, oro har, gatazkak konpontzeko politikak sustatu behar direla ere, bitarteko baketsu eta demokratikoak erabiliz.

Horregatik, Udal honek honako hau erabaki du:

  • Asilo-eskatzaileak ez itzultzeko eta ez kanporatzeko exijitzen du, eta Europar Batasunaren eta Turkiaren arteko akordioa indargabetzeko eskatzen du, nazioartean asilo-alorrean indarrean dagoen legeriaren aurka doalako.
  • Europar Batasunari eta Estatu espainolari estatu kideetan harrera-prozesua azkartzeko erreklamatzen die, asilo-eskatzaileak hartzeko ezarritako kupoen arabera, eta Europar Batasunak eta estatu kideek pertsona horiek birkokatzeko ardura atzeratzen ari direla salatzen du.
  • Udalerri honek dagozkion errefuxiatu eta asilo-eskatzaileak lehenbailehen hartzeko prest dagoela adierazten du, eta erakundearteko akordio bat egiteko deia egiten du, pertsona horien eskura bizi-baldintza duinak bermatzeko behar diren bitartekoak jarriko dituen akordioa.
  • Maiatzaren 9an Europako Eguna ospatuko da, eta udal honek parte hartuko du EBri asilo-politika humanitarioagoa eskatzeko abian jartzen diren ekimen guztietan".