Diru-sarrerak bermatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza (DBL-AGI) lerroa mantentzea eskatzeko mozioa

Uztarria.eus 2016ko mai. 4a, 19:39

EH Bilduk aurkeztu eta plenoan onartutako mozioa, osorik.

"201lko bukaeran, Patxi Lopez buru zuen Eusko Jaurlaritzak gure Gizarte Zerbitzuen prestaziorik garrarrtzitsuenetako bat den Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE, RGI erdaruz) kobratu ahal izateko eskatzen den erroldatze denbora igotzea erabaki zuen; zehazki, urtebete eskatzetik hiru urte eskatzera pasatu zen, ondorioz, herritar asko babes ekonomiko eta sozialik gabe geratu ziren.

Murrizketa sozial horri aurre egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2012ko uztailean, Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntza (DBL, AGI erdaraz) sortu zuen, hain zuzen babesik gabe geratu ziren herritarrei laguntza emateko.

DBL-AGI izeneko prestazioak izaera unibertsala dauka, hau da, baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiei zuzenduta dago, berdin da nongoak diren, DBE-RGIrekin beti gertatu izan den bezalaxe. Gogoratu behar da DBL-AGIa Gipuzkoan bizi diren 1.422 familia unitatek jasotzen dutela eta familia horietan 700 ume daudela, legez babestu beharrekoak. Eta onuradunen kopurua egonkortuta dago.

Eusko Jaurlaritzak DBE-RGI urteetan izan duen erroldatze denborara itzuliko balitz, DBL-AGI berez desagertu egingo litzateke, lehen zeukan estaldura soziala berreskuratuko lukeelako. Murrizketa murriztuko litzateke.

Hori egin beharrean, Gipuzkoako Foru Gobernuak argudio gisa erakartzee efektoa ("efecto llamada" delakoa) aipatuaz eta bere jarduera justifikatzeko argudio zalantzakorrak erabiliaz, herritar askorentzako behar-beharrezko laguntza kendu du.

Hori dela eta, Azpeitiko Udalak honako mozio hau onartzen du:

  1. Azpeitiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntza (DBL-AGI) bertan behera uzteko duen asmoari uko egin diezaiola eta babes ditzala une honetan laguntza jasotzen duten herritarrak eta familiak, Jaurlaritzak behar hauek betetzen ez dituen bitartean.
  2. Azpeitiko Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE-RGI) jaso ahal izateko eskatzen den erroldatze denbora hiru urteetatik urtebetera pasa dezala, hain zuzen ere, lehen zegoen bezala".