Festa giroan aurkeztu dute ikastolaren 50. urteurreneko aldizkaria

Uztarria.eus | Hezkuntza
2016ko api. 29a, 20:47

Azpeitiko Ikastola Ikasberrik ekitaldi jendetsuarekin eta festa giroan aurkeztu du gaur, ostirala, Urola bailarako ikastolaren sorrerako 50. urteurrena ospatzeko argitaratu duen aldizkaria. Sanagustinen jarria zuten hitzordua 19:00etan, eta ordu horretarako beteta zegoen kulturgunea. Ikasle, irakasle, guraso... gaur egungoek eta garai batekoek bat egin dute aurkezpenean.

Gonbidatuak ere ez dituzte falta izan: Eneko Etxeberria alkatea eta Leire Goenaga Hezkuntza zinegotzia Udala ordezkatuz, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta Inazio Mari Olarte ikastolaren sortzaileetakoa lehen lerroan eserita izan dira, Josu Azpillaga Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibaren Azterkaritza kontseiluko lehendakariaren eta ikastolako zuzendari Beñat Azurmendiren alboan.

Ikastolako antzerki tailerrean ari diren ikasleek gidatu dute ekitaldi osoa. Haiekin batera oholtzara igo da hasieran Oihana Elduaien kazetaria eta Ikasberriko ikasle ohia; berak koordinatu du gaur aurkeztu duten aldizkaria. Antzerki tailerrekoen aurkezpentxoak tartekatuz, ikastolaren ibilbidearen errepasoa egin dute Sanagustingo pantailan, argazkiekin eta bideoekin. Ikasberri Kirol Elkartean ari diren ikasleak ere igo dira oholtzara, modelo pase bat irudikatuz, eta ikasle, irakasle eta guraso talde batek fandangoa eta arin-arina dantzatu dituzte. Tellituk, Azpillagak eta Azurmendik hitza hartu dute azken txanpan eta, ekitaldia agurtzeko, ikasleek gidatuta Behin betiko abestu dute denek.

Ikusi argazki guztiak haundiago

 
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu