Xaguxatar parkea, irekita

Uztarria.eus 2016ko api. 29a, 18:26

Inaugurazio ofiziala egiteko zain, baina dagoeneko irekita eta herritarrek erabiltzeko pronto dago Ingurugiro Etxea Museo ondoko parke berritua. Udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean garatutako Xaguxatar proiektuaren barruan berritu dute "zaharkituta" zegoen gune hori. 2015eko irailean hasi zituzten lanak. "Parkea osatzeko lanak eginda daude eta, Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin ostean, irekitzea erabaki dugu. Eguraldi onak hasi diren honetan, herritarrek herrian jolasteko eta gozatzeko parke bat gehiago izan dezaten”, adierazi du Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak. Inaugurazio ofiziala bi erakundeen agendak bat egiten dutenean egingo da.

Sei gune saguzarraren bueltan

Euskal ondare naturalaz sentsibilizatzea helburu duen gune berriak, saguzarra du irudi bezala eta 1.800 metro karratuko azalera du. Sei gunetan banatu dute parkea:

  • Saguzarren horma: gaueko paisaia duen irudia edo murala. Helburu estetikoa izateaz gain, saguzarrek gauez hegan egiteko erabiltzen duten radar sistema islatzen duen jolasa da.
  • Enbor bertikalen baratzea: 8 eta 10 metroko altuera duten enborrak armiarmaren itxura duen sare batekin lotuta daude.
  • Labirintoa: pertzeptzio sentsorialen bidez jolas egiteko gunea.
  • Intsektuen hotela: eraikinaren etxaurrean, kuadro moduan ezarritako saguzarren habiak dira, eta ehundura aberastasun handia dute.
  • Egongune alternatiboa: egurrezko eserleku eta mahai alternatiboez egindako egongunea.
  • Haur jolasak: saguzar itxura duen rokodromoa.

(Argazkiak: AZPEITIKO UDALA)