'50+' aldizkaria aurkeztuko du gaur Ikasberri Ikastolak

Uztarria.eus 2016ko api. 29a, 13:22
Ikasberriko hainbat ikasle, 50+ aldizkaria eskutan

Urola bailarako ikastolak 50 urte betetzen dituela eta osatu dute aldizkaria. Sanagustin kulturgunean izango da aldizkariaren aurkezpena 19:00etan, eta bideo emanaldia, musika, dantza eta antzerkia izango dira, besteak beste.

50 urte egin ditu aurten ikastolak Urola bailaran, eta horren haria aldizkari bat osatu du Ikasberri Ikastolak: 50+ . Aldizkarian, ikastolak egindako mende erdi horren errepasoa egin du Ikasberrik, baita aurrera begirako erronkak aztertu eta bildu ere. 

Gaur, ostirala, aurkeztuko dute 50+ aldizkaria, 19:00etan Sanagustin kulturgunean. Aurkezpen ekitaldian musika, dantza, antzerkia eta bideo emanaldia izango dira, besteak beste, eta parte hartuko dute bertan Ikasberriko hainbat ikasle eta ordezkarik.

72 orri ditu aldizkariak guztira, eta erreportajeak, elkarrizketak, bertso sortak, iritzi artikuluak nahiz ilustrazioak biltzen ditu. "Ilusioa islatzen duten 72 orrialde dira. Sorrerako ilusioa, jarraipenekoa eta aurrera egiteko daukagun ilusioaren isla", azaldu dute. 

50 urtean ikastolan izan diren protagonista "guztiak" aldizkarian agertzen direla esan dute: "Denok baikara ikastola, eta denok jarraituko baitugu ikastola izaten, behar den bitartean".