Loiola eta Munategi arteko espaloi zatia ostiraletik aurrera berriro irekita izango da

Uztarria.eus 2016ko api. 28a, 19:04

Azpeititik Azkoitirako pasealekua itxita dago azken asteetan Loiola eta Munategi bitartean. Zorua konpontzen eta txukuntzen ari dira tarte horretan, espaloi ondoko ezkien sustraiek eragindako koskak-eta berdindu eta espaloia txukuntzeko. Udalak konponketa horiek egiteko 30.000 euro inguru ordaindu ditu eta. Gaur jakinarazi duenez, lanak azken txanpan dira eta ostiraletik aurrera pasealekuaren zati hori berriro irekita izatea aurreikusten dute.

Esklabak eta Jesus Maria artekoa, hurrengoa

Loiola inguruko espaloi konponketak ez dira, ordea, hor amaituko. Esklabetatik Jesus Mariara doan oinezkoentzako bidea konpontzen ere laster hasiko direla aurreratu dute udal arduradunek, kasu horretan 2016ko aurrekontuak osatzeko Denon Artean prozesu parte-hartzailean herritarrek egindako eskaerei erantzunez.

"Lurra txukuntzeko asmoa bagenuen, eta herritarrek egindako eskaerak ikusita, gune hori konpontzeari ahal bezain pronto heltzea erabaki genuen", azaldu du Aitor Bereziartua zinegotziak. Zorua konpontzeaz gain, ura eta gasa bezalako azpiegituren instalazioa egin eta argiteria indartzeko ere aprobetxatuko ditu lanak Udalak. "Obrak esleipenera aterako ditugu laster, eta ekainaren hasieran lanak martxan egotea aurreikusten dugu", zehaztu du Bereziartuak.