Azpeitiko Rallysprintaren ibilbidea Aizarnaraino luzatu dute

Uztarria.eus 2016ko api. 27a, 20:29
Antolatzaile, babesle eta parte-hartzaile, lasterketaren kartelekin eta lehian izango diren bi kotxeren ondoan, Azpeitiko plazan.

Zapatuan jokatuko den lasterketa 16 kilometroraino luzatu dute, horrenbestez. 60 gidarik eman dute izena 14:30ean hasiko den probarako; goizean, 10:00etatik aurrera, Epaitegietako plazan egongo dira parte-hartzaileak eta kotxeak, egiaztatze teknikoak eta administratiboak egiteko. Azpeitiko zazpi taldek hartuko dute parte.

Ibilbide aldaketarekin eta kilometro gehiagorekin dator aurten Azpeitiko Rallysprinta. XVII. edizioa beteko du zapatuan, hilak 30, Lagun Artea Eskuderiak antolatutako lasterketak eta Aizarnaraino luzatu dute ibilbidea antolatzaileek. Aspaldiko urteetan bezala, Lapatx ingurutik abiatuko dira erlojupeko hiru txandak baina, azken urteetan ez bezala, Etumetan bukatu beharrean Aizarnaraino luzatuko dute lasterketa, guztira 16 kilometroko ibilbidea osatuz.

Zapatuan 14:30ean hasiko da kronometratutako lehen txanda. Aparteko gorabeherarik ez bada, bigarrena 16:00etan eta hirugarrena eta azkena 17:30 inguruan hasiko dira. Goizean, beti bezala, parte-hartzaileek eta zaletuek Epaitegietako plazan izango dute hitzordua; han egingo dituzte egiaztatze teknikoak eta administratiboak -horiek Garoa kafetegian-, 10:00etatik aurrera.

60 parte-hartzaile, zazpi herrikoak

Atzo, asteartea, aurkeztu zuten rallysprintaren 2016ko edizioa Lagun Arteako Jorge del Cidek, Angel Gurrutxaga Euskadiko Automobilismo Federazioko presidenteak, Iñaki Alberdi pilotuak, Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak, Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak eta Gulf etxeko Javier Pastorrek.

60 dira lasterketarako izena emana duten taldeak, gidari eta kopilotu. Gipuzkoako zein Euskal txapelketetarako puntuagarria izango da Azpeitiko Rallysprinta eta, horrela, lehiaketa horietan puntan dabiltzan Aingeru Castro-Alaitz Urkiola (BMW M3), Enrique Barrenetxea-Anartz Onandia (Mitsubishi EVO IX) eta Iban Tarsicio-Iñigo Peña (Mitsubishi EVO IX) dira, besteak beste, faboritoen tartean aipatu dituztenak. Halere, eta proban partaide izango den Iñaki Alberdiren hitzetan, "adi kotxe txikiekin"; Bentaberri eta Aizarna arteko zatian BMW-ak eta Mitsubishiak estutzeko gai izan daitezkeela uste du azpeitiarrak.

Alberdiz gain, herriko beste sei gidarik ere hartuko dute parte aurtengo rallysprintean: Urtzi Oteizak, Iban Ibarretak, Ibon Otaegik, Jokin Aiertzak, Jokin Agirrek eta Jon Arregik.

Aparkalekuak eta jarraibideak

Karrera ikustera hurbilduko diren zaletuek bost aparkaleku izango dituzte aukeran. Landetako industriaguneetan eta Irurena lantokiko aparkalekuan utzi ahal izango dira ibilgailuak, eta Erdoiztako bideko alde batean ere bai. Errepideak itxi ondoren, 13:30etik aurrera, Loidiko bidearen alde batean ere aparkatzeko modua izango dela adierazi dute antolatzaileek; lasterketak irauten duen bitartean Errezildik Azpeitira joan nahi dutenek bide hori erabili beharko dute. Azkenik, Aizarnan ere egongo da kotxeak uzteko aukera.

Urtero legez, segurtasun neurriak eta gomendioak errespetatzeko deia luzatu dute antolatzaileek eta babesleek, ingurumena zaintzeko eskaerarekin bat.

Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioak zuzeneko konexioak egingo ditu lasterketarekin. Denborak zuzenean jarraitzeko beste aukera www.fotomotor.com webgunean izango da.