Ekainaren 5eko herri galdeketa

Erabaki Fest!, ekaineko herri galdeketa girotzeko egun osoko musika festa apirilaren 30erako

Uztarria.eus 2016ko api. 15a, 18:59
Musikariak eta tabernariak Sanagustinpean, Erabaki Fest!-en aurkezpenean.

Goizean abiatu eta maiatzaren 1eko goizaldera arte, gaur egungo eta garai bateko azpeitiar musikari eta taldeek hartuko dute parte jaialdian. Kalean, AZTEko tabernetan edota parrokian izango dira emanaldiak. Gauean, 22:30ean, E12ko galdeketaren aldeko abestiaren zuzeneko aurkezpena ere egingo dute, Sanagustin kulturgunean egingo den eguneko azken kontzertu sortaren hasieran.

Musika eta erabakitzeko eskubidea eskutik ibiliko dira apirilaren 30ean Azpeitian. Hitzartuk ekainaren 12rako antolatu duen herri galdeketarekin bat eginez, herriko hainbat musikari eta tabernari elkartuta Erabaki Fest! antolatu dute, "eskubide horren aldarrikatze, girotze eta sentsibilizatze asmoarekin".

Atzo, osteguna, hilaren azken eguneko musika festan parte hartuko duten musikariak eta tabernariak Sanagustinpean elkartu ziren, egitasmoaren berri emateko. "Apirilaren 30ean egun osoko musika jaialdia izango da eta bertan herriko musikari askok hartuko dute parte, aspaldiko eta gaur egungo musika taldeak bilduko dira, leku desberdinetan kontzertuak eskaintzeko. Belaunaldi, estilo eta kolore desberdinetako hotsak, aldarri bakar baten doinuan", azaldu zuten antolatzaileek.

Egun osoko egitaraua

Kalean, AZTEko (Alde Zaharreko Tabernarien Elkartea) tabernetan edota parrokian izango dira emanaldiak. Parte hartuko duten taldeen artean, berriz, Jotakie, Egurra ta Kitto, Segabathor, Legen Beltza, Fundiziyue, Tiobibo, Verrater, Ezten, Trini Fox eta LS Senghor daude. Gauean, 22:30ean, E12ko galdeketaren aldeko abestiaren zuzeneko aurkezpena ere egingo dute, Sanagustin kulturgunean egingo den eguneko azken kontzertu sortaren hasieran. Emanaldi guztiak doan izango dira.

Hau da Erabaki Fest!-en egitarau osoa:

Goizez

  • 11:30. Parrokian, organu kontzertua Jose Luis Frantzesenaren eskutik.
  • 12:30. Plazatik abiatuta trikitilari, abesbatza eta dantzarien kalejira. Jarraian, emanaldi ibiltaria Jose Artetxe inguruan.
  • 13:30. Iraurgi tabernaren plazan, Unai Hirukoa, Xabier Saldias eta Amagar taldearen emanaldia.

Arratsaldez, tabernetan

  • 17:00. Etxe-Zuri ​tabernan, Verrater​ taldea.
  • 17:45. Pikua ​tabernan, Trini Fox​ taldea.
  • 18:30.​ Oñatz ​tabernan, Segabathor​ taldea.
  • 19:15. ​Orkatz​ tabernan, LS Senghor​ taldea.
  • 19:45. ​Pikua ​tabernan, Ezten​ taldea.
  • 20:15. ​Orkatz​ tabernan, Jotakie ​taldea.

Gauez, Sanagustin kulturgunean, 22:30ean hasita

  • E12ko galdeketaren aldeko abestiaren zuzeneko aurkezpena.
  • Tiobibo
  • Legen Beltza
  • Fundiziyue
  • Egurra ta Kitto

Laguntzaileak eta babesleak

Kontzertuak hartuko dituzten tabernez gain, AZTE elkarteko taberna guztiek (Etxe-Zuri, Ertz, Topa, Korrale, Orkatz, Intz, Zuhatz, Oinatz, Lokotx, Sanagustin kulturguneko taberna, Fideo de Mileto eta Pikua) lagundu dute jaialdia antolatzen. Gainera, ekimenaren aldarriari babesa erakutsi diote Pastorkua, Juantxo Txiki, Etxaun, Berdie, Iraurgi, Ganbara, Iraye, Harzubia, Urola Express, Baigera, Eguzkitza, Amaia, Laratz, Urtzi, Charles Chaplin eta Azpeitia tabernek ere.