"Lege hori onartzea arrisku bat da gizartearentzat"

Uztarria.eus 2016ko api. 12a, 18:50
'Zure segurtasunerako suhiltzaileen lege honi ez' dioen pankarta, Azpeitiko parkeko horman.

Eusko Jaurlaritzak onartu nahi duen Suhiltzaileen Lege berriak sutan jarri ditu profesionalak. Gasteizko Legebiltzarrera iritsi den lege-proiektua atzera botatzea eta berri bat egitea eskatzen dute, aurkeztutakoak pribatizazioari eta zerbitzuen murrizketari ateak irekitzen dizkiela uste dutelako, besteak beste. Euskadiko Suhiltzaileak taldea eratu dute protestak bideratzeko. Azkena, momentuz, Azpeititik bihar arratsaldean igaroko den bizikleta martxa da.

"Hainbeste urtez eskatzen ari ginen lege berria egin dute, baina ez lehengoa hobetuz; suhiltzaileen eta sindikatuen iritziak eskatu eta kontuan hartuta egin beharrean, beraien neurrira egin dute, inor kontuan hartu gabe". Haserre eta, batik bat, kezkatuta hitz egin dute Azpeitiko parkeko suhiltzaileek. Hemengoak, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko suhiltzaile zerbitzu guztietakoak bezala, Eusko Jaurlaritzak joan den udan aurkeztu zuen Suhiltzaileen Lege berriaren proiektua atzera botatzeko eskatzen ari dira azken hilabeteetan.

Beraien jarduera arautzeko, diputazioen eta udalen esku dauden zerbitzu guztien protokoloak zehazteko eta bateratzeko lege berria eskatzen zuten suhiltzaileek, baina Jaurlaritzak prestatu duen lege-proiektuan horrelakorik ez dutela aurkitu diote. Gainera, dagoen bezala, lege-proiektu horrek zerbitzuen pribatizazioari eta murrizketei ateak irekitzen dizkiela uste dute.

Irteerak murrizten

Jaurlaritzak aurkeztu eta uneotan Gasteizko Legebiltzarrean tramitatzen ari diren lege-proiektuan, besteak beste, suhiltzaile boluntarioaren eta aldi baterako suhiltzailearen figurak aurreikusten dituzte, eta horrek suhiltzaileen susmoak piztu ditu. "Konturatu gara gure irteerak gero eta gehiago murrizten saiatzen ari direla, ezinbestekoetara mugatuz, gure eginbeharrak batere argi uzten ez dituen lege berria onartutakoan, etorkizunean enpresa pribatuak guri dagokigun lanaren zati bat egitera sartzea justifikatzeko", diote. Azpeitian desagertutako gizonaren kasua jarri dute adibide gisa; suhiltzaileek ez dute bilaketan parte hartzeko deirik jaso: "Ertzaintza, Gurutze Gorria eta DYA mobilizatu dituzte; eta guri, pertsona hori joatekoa zen azken tokitik 400 metrora egonda, ez digute ezer esan". 112 larrialdietarako zerbitzu zentralizatutik -Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duena- bideratzen dituzte kasuan kasuko erantzunak, eta orain arte suhiltzaileei zegozkien hainbat larrialdi eta arrisku egoerak artatzeko orain beste zerbitzu batzuk erabiltzen ari direla diote. "Eta gu, bitartean, hemen, deiaren zain. Eta kezkatuta gaude, pertsonen bizitzak direlako askotan jokoan daudenak", salatu dute Azpeitiko parkekoek.

Azkenaldian somatzen ari diren irteeren murrizketa horrek areagotu ditu suhiltzaileen susmoak eta kezkak. Suhiltzaileekin eta sindikatuekin "kontatu gabe" egindako lege-proiektuaren atzean "interesak" ikusten dituzte, ekonomikoak eta politikoak. Suhiltzaileek, berriz, lege horren kontra egiteko dituzten arrazoiak "gizartearen ongizatearen aldeko borroka" batean eta zerbitzu publikoen defentsan kokatzen dituzte. "Lege hori onartzea arrisku bat da gizartearentzat", diote, euren protestak eta mobilizazioak "ez direla soldata igoerak edo lan-baldintza hobeak eskatzeko" nabarmenduz: "Ez dugu horrelako ezer eskatzen. Eskatzen dugun bakarra da, suhiltzailearen figura eta gure lana lege batean zehaztea, eta lege hori ahalik eta onena izatea. Gaur egun zerbitzu profesional oso ona daukagu, eta beti ari gara lanean zerbitzu hori ahalik eta ondoen eman ahal izateko. Boluntarioak eta aldizkako suhiltzaileak sartzen badira, edo suhiltzaile zerbitzuak eskainiko dituzten enpresa pribatuak sartzen badira, enpresek beti jarriko dituzte interes ekonomikoak interes sozialen aurretik. Eta nondik aurreztuko dute? Formazioan, materialetan, baliabideetan. Eta zer eragin izango du horrek? Pertsonak eta ondasunak arriskuan jartzea".

Suhiltzaileak martxan

Hilabeteak daramatzate EAEko suhiltzaile zerbitzuetako langileek protestak eginez. Euskadiko Suhiltzaileak taldea eratu dute mobilizazioak bideratzeko. Sare sozialetan ere badaude, beraien eskaerak gizarteratzeko; Change.org atarian sinadura bilketa ere jarri dute martxan.

Protesta horietako azkena gaur, asteartea, hasi duten bizikleta martxa da. Bizkaitik eta Gipuzkoatik martxa bana abiatuta, apirilaren 15ean Gasteizen elkartuko dira, hango Legebiltzarrean bukatzeko. Azpeititik bihar, hilak 13, igaroko da bizikleta martxa hori, arratsaldez, Zarautzen 13:00etan hasi eta Eibarren bukatuko den bigarren etaparen barruan.