'Elkar-erantzunkizunean eta berdintasunean bizi' guraso eskolak antolatu ditu Gizarte Zerbitzuen Sailak

Uztarria.eus 2016ko mar. 31a, 14:39

Apirilaren 11n hasiko dira saioak eta 8 urtetik 15 urtera arteko eta 16 urtetik 20 urtera bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzenduta daude. Eskolen helburua seme-alaben heziketarako lagungarri izan daitezkeen tresna izatea da. Apirilaren 7ra arte eman daiteke izena. 

Azpeitiko Udalaren Gizarte Zerbitzuen Sailak guraso eskolak antolatu ditu 8 urtetik 15 urtera arteko eta 16 urtetik 20 urtera bitarteko gaztetxoak dituzten gurasoentzat. Saioen helburua da seme-alaben heziketarako lagungarri izan daitezkeen tresna izatea. Horretarako, hiru gai ildotan sakonduko dute: familiako elkarbizitzan eragiten duten aurreiritzi, mito eta tabuen hausnarketa eta lanketa bultzatuko dute, etxeko arduren banaketa egoki bat egiteko baliabideak eta errekurtsoak ikasiko dituzte eta familiko kideen arteko harremana eta elkarbizitza hobetzeko komunikazio estrategiak landuko dituzte.

Elkar-erantzunkizunean eta berdintasunean bizi izenpean egingo dituzte saioak eta Izar Arregi psikologo eta terapeutak zuzenduko ditu. Apirilaren 11n hasiko dira eskolak eta maiatzaren 16an bukatuko dira. Astelehenetan izango dira klaseak eta guztira sei saio egingo dituzte. Nahiz eta landuko duten gaia berdina izan, bi azpitaldetan banatuko dira parte hartzaileak, seme-alaben adinaren arabera, eta ordutegi ezberdina izango dute. 8 urtetik 15 urtera arteko seme-alabak dituzten gurasoek 15:15etik 16:45era egingo dituzte saioak. 16 eta 20 urte bitarteko gaztetxoen gurasoek, aldiz, 18:00etatik 19:30era.

Izen ematea

Eskoletan parte hartu nahi dutenek apirilaren 7a baino lehen eman beharko dute izena Gizarte Zerbitzuen Sailean edo 943-15 71 92 telefono zenbakira deituta. Saioen prezioa 10 eurokoa da, eta ordaindu ezin dutenek beka bidezko laguntza jasotzeko aukeraizango dute, izena ematerakoan jakinarazten badute.